ZINEBIk documental luzeen ikusgarritasuna babestuko dau

Bizkaie! 2026-04-20 07:47   Zinemea

Canneseko Marché du Film ospetsuan.

Bilboko Udalak atondutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (ZINEBI) aurten be Cannes Docs-era bueltauko da, zinema dokumentalaren nazinoarteko erakusleiho handienera, izan be, Zinebi da plataforma profesional horretan partner ofizial lez dagoan Estaduko jaialdi bakarra, Canneseko Jaialdiko Marché du Film entzutetsuarenen barruan.

ZINEBIgaz batera, munduko jaialdi espezializadu garrantzitsuenetako batzuek parte hartzen dabe, besteak beste, Visions du Réel (Suitza), Festival Dei Popoli (Italia), DOK Leipzig (Alemania) edo CPH:DOX (Danimarka).

Edizino honetan, ZINEBIk hirugarren aldiz sustatzen dau Spain Showcase bat, Kultura Ministerioko Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuagaz (ICAA) eta Espainiako Kanpo Merkataritzako Institutuagaz (ICEX) lankidetzan. Garapen fasean dagozan film dokumental luzeko lau proiektuk parte hartuko dabe:

Altxaliliak (Doxa Producciones). Maia Iribarne Olhagarai musikari eta zinemagileak zuzentzen dau euskal produkzino bakarra, eta oso bestelako begiradea eskaintzen deutse Iparraldeko herri txikiei. Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea euskal produktoreak Spain Showcase honetan izango dira barriro, Cannesera Itoiz udako sesioak proiektuagaz joan ondoren (hareek biek eta Larraitz Zuazok zuzendua). Proiektu hori ZINEBI 2024an estreinau zan mundu osorako.

Artefactos de guerra. Artefacto Films / Cangrejo Films. Jorge Caballero zinemagile kolonbiarrak ZINEBI Networking - Bilboko Zinema Dokumentaleko Foro Profesionalaren 2023ko edizinoan aurkeztu eban filmak (bere azken lana, 09/05/1982 izenekoa, ZINEBI 2025eko Nazinoarteko Film Laburren Lehiaketan aurkeztu eban) arma ez-hilgarrien merkaua dau aztergai, bai eta gizartean, politikan eta giza eskubideetan dauen eragina be.

Un fogal. Nanouk Films / Glia Films / Minimum Moderne. EURODOC dokumentalen urteko programatik igaro ondoren, Neus Pagèsek zuzendutako koprodukzino katalan-frantses hau Kataluniako Pirinioaurrean girotzen da. Klima-aldaketearen ondorio gertukoenetan eta mehatxatutako bizimodu tradizional baten iraupenean oinarritutako dokumentala da.

Nar’hi nan. Gris Medio / Witfilm / Ethereal. Koprodukzino hispano-greko-nederlandarra, Efthymia Zymvragaki zinemagileak zuzendua. Pirinioetako sukaldaritza-eskola batean kokatuta dago. Bertan ikasten daben nerabeen istorioa dakar (porrota, abandonua, adopzinoa, migrazinoa, indarkeria, dolua) eta munduan egoteko modu propioa eregiten dabe.

Cannesen jentaurrean aurkeztu aurretik, proiektu honetako zinemagileek mentoretza espezializaduko saioak jasoko ditue, lehenengo online eta ondoren aurrez aurre, Berlinale Talents Lab dokumental-lerroko arduradun Zeynep Güzel zinemagile eta aholkulariaren eskutik. Güzelek aholkularitzea emongo deutse, baita proiektuak amaitzeko prozesuan be.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu