'Euskal kirolariak Joko Olinpikoetan parte hartzen eta lehiatzen ikusteaz harro nago'.

Bizkaie! 2026-04-16 12:03   Kirola

Pozik nago Arrieta Rodriguez Jokoetan lehiatutako lehen emakume euskalduna dalako.

Imanol Pradales Lehendakariak harrera egin deutse Milano-Cortinako Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartu eben euskal kirolariei.

Lucas Eguibar eta Álvaro Romero snowboardlariak eta Arrieta Rodríguez eskiatzailea harreran izan dira Jokoen ostean Munduko Kopakaz Europako Kopakaz eta FIS lasterketakaz luzatu dan kirol-denporaldia amaitu eta gero. Higinio Rivero iraupen-eskiatzaile eta biatleta paralinpikoa ezin izan da harrerara joan, izan be neguko Jokoetan lehiatu eta berehala, datorren udako zikloan hasi da lanean,  Los Angeles 2028ko hitzorduan parte hartzeko asmoa baitau.

Imanol Pradalesek, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz, Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariagaz eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileagaz batera, Eguibar, Romero eta Rodríguez zoriondu ditu Milano-Cortinan parte hartzeagaitik eta, gainera, hareen esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukerea izan dau, argazki ofizialaren ondoren egindako topaketa pribatu batean.

Bileran, Lehendakariak euskal kirolariak Joko Olinpikoetan parte hartzen eta lehiatzen ikusteaz harro dagoala azpimarratu dau. Gainera, Pradalesek Euskadin kirol minoritarioak egiten dituen kirolarien ahalegina azpimarratu eta erreferente lez daben erantzukizun handia nabarmendu dau, sakrifizioaren, errespetuaren, kiroltasunaren, ondo egindako lanaren garrantziaren eta joko garbiaren balioak zehaztuz

Lehendakaritzara bertaratutako hiru kirolarien lehiak estaduko parte-hartze osoaren % 15 izan zan Jokoetan eta edur-kirolen kasuan, barriz, % 33. Aurreko neguko Jokoen parte-hartzeagaz konparauta (Beijing 2022), Euskadik persona bat gehiago izan dau oraingoan eta, gainera, emakume bat izan da.

Lucas Eguibarrentzat, Milan-Cortina d ‘Ampezzokoak bere laugarren Jokoak izan dira, Sotxi 2014, Pyeongchang 2018 eta Beijing 2022koetan lehiatu, eta Errusian eta Txinan diploma bi eskuratu eta gero. Zezeileko hitzordu italiarrean bederatzigarrena izan zan. Rider donostiarra Munduko txapeldun izan zan 2021ean, Munduko txapeldunorde 2017an eta Kristalezko Globoaren irabazle 2015ean, Munduko Kopako sailkapen nagusian.

Alvaro Romero eta Arrieta Rodriguezentzat, barriz, Italiako Jokoek lehiaketa olinpiko absolutuan debuta suposatu dute.

Donostiako snowboarderrak 23. postuan bukatu zuen Milanon. Aurretik Alvarok brontzezko dominea irabazi eban 2000. urtean Lausanan jokatutako Gazteriaren Jokoetan. 2021eko urtarrilean irabazi eban lehenengoz maila absolutuko FIS lasterketa batean eta Munduko Kopan egin eban debuta, Reitalmeko (Austria) hitzorduan. 2023an bere lehen podiuma lortu eban Munduko Kopan eta urrea Passo San Pellegrinon jokatutako junior mailako Munduko Txapelketan.

Bestalde, Arrieta Rodriguezek, eski alpinoan emakumezkoen erreferentea izan da Espainia mailan, 33. postuan eban eski alpinoko eslalomeko probea Milano-Cortinako Jokoetan. 23 urtegaz bikain ibili da 2025/2026 denporaldian, FIS proba askotan parte hartu baitau eta Europan be irabazi izan dauelako. 2023tik Europako Kopanbe lehiatzen dabil. Ainhoa Ybarrak Calgaryn (88), Albertvillen (92), Lillehamerren (94) eta Naganon (98) jokatu ebanetik Jokoetan lehiatutako lehen emakume euskalduna da. Donostiarraren lehiaketeak, beraz, euskal emakume baten parte-hartzea ekarri dau neguko Jokoetan, 28 urte aurrerago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu