XX. Punto de Vistak nazinoarteko proiekzinoa indartu dau 90 film inguru batuta

Bizkaie! 2026-04-15 10:14   Zinemea

Apirilaren 20tik 25era, jaialdiak 66 saio programauko ditu.

Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiak sei egunetan 90 film inguru, 66 saio eta jardueraz betetako programazinoa eskainiko dau, eta bertan proiekzinoak, topaketak, hausnarketarako espazioak eta edozenentzako proposamenak batuko ditu. Iruñea ez-fikzinozko zinemeari lotutako sorkuntza, pentsamendu eta alkartrukerako oinarrizko gune izango da.

Punto de Vista edozeinentzako eta sektore profesional eta akademikoarentzako proposamena da. Aurten beste pausu bat egin da, Iruñea eta Nafarroako ahalik eta ikusle gehienakana heltzeko zenbait ekimen batzen dituan bitartekaritza-plan baten bidez. Ekimen horreen artean dagoz uri osoko erakusleihoetan jaialdia ezagutzera emoteko ekintza bat egitea, La Bobina eta tokiko beste podcast batzuetan parte hartzea, zeharkako ibilbideak diseinetea, programazinoan barrenarako ibilbidea proponiduten dauen pasaporte bat sortzea gazteentzat edo kideko erakundeetara eta ikasle-sareetara hurbiltzea.

2026ko Punto de Vista Jaialdia

— Jaialdian 66 saio izango dira, proiekzinoak eta jarduera paraleloak kontuan hartuta.

— ProgramaziNoa 6 atal handitan —Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Ricercata, X Films eta Txinparta— atonduta egongo da, eta 90 film inguru izango ditu guztira.

— Punto de Vistak 6 zuzendari artistiko izan ditu dagoeneko. Aurten hasi dau bere etapa Miquel Martí Freixasek, lekukoa hartuta honako honeei: Manuel Asín (2022-2025), Garbiñe Ortega (2018-2021), Oskar Alegria (2014-2017), Josetxo Cerdán (2010-2013) eta Carlos Muguiro (2005-2009).

— Amerika, Asia, Europa eta Afrikako 19 filmek —zazpi film luze, film ertain bat eta hamaika film labur— osotuko dabe Sail ofiziala. Mundu-mailako lau estreinaldi, nazinoarteko estreinaldi bat eta estadu-mailako hamalau estreinaldi lehiatuko dira sari nagusiak lortzeko.

— Aurten be jaialdiak zeharkako 6 ibilbide proponiduko ditu, programazinoa ardatz tematiko desbardinetatik arakatzeko: Lurra, Gure gorputzak, Hartzen gaituen planetea, Mugak saihestu (ezin), Bizitza-trazuak eta Zatoz Punto de Vista jaialdira. Horrezaz gan, ikasleentzako ibilbide espezifiko bat be izango da.

— 110 gonbidadu inguruk bisitauko dabe Iruñea programazinoan parte hartzeko.

— 150 lagunek baino gehiagok emon dabe izena gazteentzako ekimenetan eta horreetatik 14 aukeratu ditue Gazteen Epaimahairako, eta beste 6, Gazte Programatzaileak ekimenerako.

— 9 egoitzatan izango da jaialdia: Baluarte, Golem zinemak, Nafarroako Unibersidadea Museoa, NUP, Nafarroako Filmotekea, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Pompelo eta Civivox Mendillorri. Horreei Txintxarri, Tarántula eta Laba tabernak gehitu behar jakez musika-programazinorako.

— Musikeak be presentzia izango dau Punto de Vista jaialdian, 8 jarduerako programazino bereziagaz. Jarduera horreen artean kontzertuak, DJ saioak eta Radio 3 irratian zuzeneko emonaldiak izango dira. Ondoko artista honeek parte hartuko dabe, besteak beste, Anavi, Celia Carrera, Adrian Alegria, Love’n’Joy, Masquepop, Bernal, Comic Sans, Hondora eta Annie Wonder.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri dagoz jaialdiaren webgunean eta Baluarten, eta jaialdiaren astean leihatila osogarri bat jarriko da esparruaren atondoan. Sarreren prezio orokorra 3 eurokoa da saioko, eta zenbait jarduera doban izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu