Gizarteko arlo guztietan kirolak dauen indarra autortu dabe
2026-04-15 09:01 KirolaAurtengo ohorezko saria Pedro Galarzak jaso dau.
BFAk Bizkaia Kirolak 2026 Sariak banatu ditu, gizartean oinarrizko kirolak egiten dauen lana autortuz. Ekitaldian Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, izan dira.
Igaz Bizkaiko Oinarrizko Kirola babestu daben lurraldeko kirolariek, teknikariek, erakundeek eta ekitaldiek egindako lana autortzen daben Bizkaia Kirolak Sarietan guztira 49 hautagaitza jaso dira.
Aurtengo edizioa bizitearen etapa guztietan kirola sustatzeko jarrerea izan dabenei eskainitakoa izan da. Hori da Bizkaiak Kirolaren Europako Lurraldearen titulua dauen Kirolurren aurtengo kanpainako ardatza. Hori dala eta Bizkaia Kirolur berariazko saria be sortu da, Gorbeia Zuzien kirol-lasterketeak irabazi dauena.
Ekitaldi honek aparteko inportantzia eskaini deutse arbitro lanak egiten dituenei, holan, Bizkaiko Foru Aldundiak denporaldi honetan eskola-kirolean martxan jarri dauen Errespetua kanpainea nabarmenduz, teknikarien zein kirolean jarduten daben gainerako personen aurreko sensibilizetetako helburua dauena. Arbitroen ordezkaritza batek joko-zelaitik kanpo be kiroltasuna eskatzen dauen manifestu bat irakurri dau.
Elixabete Etxanobe bat egin dau kirol arloan harmailetan dagozanei errespetua sustatzeko foru erakundeak martxan jarritako Errespetua kanpaineagaz eta aukerea aprobetxau dau eskerrak emoteko kirol epaileei euren lana balioesteko. Esan dauenez, bateren batek kirolean alkarbizitea kaltetzen dauenean, ez da nahikoa beste alde batera begiratzea: babestu egin behar da. Danek lekua izango daben kirola nahi dogu eta horrek errespetua eskatzen dau.
Aurten, barriro be, gala honek Bizkaian Oinarrizko Kirolaren arloan jarduera fisikoa eta kirola bultzatu eta sustatzeagaitik nabarmendutako persona eta erakundeak autortzeko balio izan dau. Ekitaldia kirol kazetaritzako profesional historiko bik zuzendu dabe: Pedro Mari Goikoetxeak eta Paloma del Riok.
Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, 2026ko Bizkaia Kirolak Sarien ohorezko saria emon deutso Pedro Galarzari, bere ibilbide luzean, Bizkaiko kirolari egindako ekarpen baliotsuagaitik, besteak beste Lurraldean trail probak atondu zituan lehenengoa izateagatik. Bestalde, hamar sari banatu dira:
- Izar Gaztea Saria, 2010. urtea baino lehen jaiotako eta kategoria absolututik beherakoetan lehiatzen diran eta Bizkaiko klub baten bidez federauta dagozan kirolarientzat; saria JANIRE MARINA ABRALDESentzat izan da (eskubaloia).
- Argizagi Saria, Bizkaiko klub baten bidez maila absolutuan lehiatzen diran kirolari federatuentzat; saria PAULA MARKINA GARCIArentzat izan a (hockeya).
- Iparrizar Saria, Bizkaiko klub baten bidez absolutuaren ondorengo mailetan lehiatzen diran kirolari federatuentzat. Saria JUAN CARLOS FONTALBA ORIHUELARENTZAT izan da.
- Ostadarra Saria, Bizkaiko klubetako talde federatuei zuzendua. Irabazlea CB KUKULLAGA izan da.
Era berean kirol-ibilbidea autortzeko sariak banatu dira, besteak beste:
- Leialtasun Saria, Bizkaiko kirol-erakundeetan zuzendaritza-postuetan dagozan edo egon diran Bizkaiko personei zuzendutakoa. Saria ARANTZA LAZURTEGI MATEOSek jaso dau.
- Zuzentasun Saria, Bizkaiko federazino baten bidez izapidetutako lizentzia daben Bizkaiko epaileei zuzendua; saria JOSE MARIA MARKAIDA EGUSKIZAk jaso dau.
- Lidergotasun Saria, Bizkaiko federazino baten bitartez izapidetutako lizentzia daben entrenatzaileei zuzendua; saria JOSEBA RODRIGUEZ GARCIAk jaso dau.
- Kidetasun Saria, bere jarduerea Bizkaiko kirolaren esparruan garatzen daben Bizkaiko kirol erakundeei zuzendua. Saria CLUB DE BOLOS SANTA ANA klubarentzat izan da.
- Bizkaia Kirolur saria, Kirolaren Europako Lurraldeko aurtengo sari berezia, GORBEIA ZUZIEN probeak eroan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
