Silver Film Festivalen maitasunari eta heldutasunean izaten dan sexua ardatz

Bizkaie! 2026-04-08 13:15   Zinemea

Apirilaren 24tik 28ra, Bilbon.



IV. Silver Film Festival (S/FF) zinema eta pentsamendu jaialdiak, edaderik bako maitasuna eta sexua, giza intimidadearen dimensino bi esploretako programazinoa eskainiko dau.

Maitasuna & Sexua (adinik gabe) lelopean, jaialdiak hausnarketa zinematografiko eta soziala proponiduko dau, gaur egun edadeko personen desirea, afektua, hartu-emonak, hausturak, maitemina eta sexualidadea zelan bizi dituen azaltzeko. Maitasunak ezta sexuak be ez dabe iraungitze datarik, nahiz eta komunikabideek, publizidadeak eta zinemeak berak errealidade bat erakusten jarraitzen daben, bizitza errealean jazoten danaren oso urrun.

Inaugurazino ekitaldia apirilaren 20an izango da, Arriaga Antzokian, eta Angel Mirouk eta Pako Revueltasek horretarako apropos sortutako proposamen eszeniko batek edegiko dau jaialdia. Horrezaz gan, 2026ko Silver Saria emongo deutse Elena Iruretari, eta Dorados 50 Victor Cruzek eta Alejandro Vagnenkosek zuzendutako filmaren estadu mailako estreinaldia egingo dabe.

S/FF jaialdiaren laugarren edizinoaren programazio osoa gaur goizean aurkeztu dabe Arriaga Antzokian. Bertan izan dira Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; Juan Ibarretxe, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia; Ana López, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Marian Gerrikabeitia, Zinemaldiko zuzendaria.

Marian Gerrikabeitia jaialdiko zuzendariak azaldu dauenez: sexuak ez dau iraungitze-datarik. Ezta maitasunak be. Gero eta jente gehiagok jarraitzen dau bere logeletan alkar maitatzen edo bikotez aldatzen edo maitasuna topetan bizitzako bigarren etapan.

Tú & Yo Producciones, EDE Fundazinoa eta Silver Revolution Alkarte Kulturalak atontzen dabe lehiaketa, eta Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza, BBK Fundazinoa, Bizkaiko Foru Aldundia eta Zineuskadiren babesa dauka.

Proiekzinoak barriketaldiakaz

Aurtengo aukeraketeak 7 film luze eta 9 film labur batzen ditu, testuinguru eta sensibilidade desbardinetatik datozen fikzinoko tituluakaz eta dokumentalakaz: zelan bizi dan maitasuna eta sexualidadea edadeak zinemearen ohiko estereotipoei erantzuteari ixteten deutsoneanionean.

Programautako film luzeen artean, Mi amiga Eva (Cesc Gay), 80 Egunean (Jon Garañoy eta Jose Mari Goenaga), Maspalomas (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga), Elsa & Fred (Marcos Carnevale), En el séptimo cielo (Andreas Dresio) eta El placer es mio (Reem Kherici) daude. Horreez gan, aitatutako Dorados 50 filmak inaugurauko dau lehiaketea.

Programeak espazio berezia erreserbetan dau euskerazko zinemarako, '80 egunean' filma proiektauta eta Jon Garañogaz barriketaldia be izango da, gaien intimidadearen ikuspegiak audiobisual garaikidean aztertzeko.

Saio bereziak

Pentsamendu eta zinema jaialdia izanik, S/FF26 jaialdiak hainbat proiekzinogaz batera berbaldiak, barriketaldiak eta jentearentzako alkarrizketa edegiak be izango dira.

Apirilaren 21ean, Mi amiga Eva filma proiektau ostean, programazinoak Maitasun romantikoaren tranpak barriketaldia izango da, Luis Muiño psikoterapeuteak, Marian Gerrikabeitiagaz maitasun mitoez, zinemeak gure sentimendu-itxaropenetan dauen eraginaz eta loturak kontzienteago eta libreagoak eregiteko beharraz. Saioa NIC- Nagusi intelligence centerregaz alkarlanean egingo da.

Apirilaren 22an, BBK Aretoan Filmar el deseo: la coordinación de la intimidad berbaldia eskainiko dabe Maitane San Nikolas, Tábata Cerezo eta Lucía Delgadok, intimidadearen koordinazinoak zinema munduan dauen zereginari, grabazinoetan errespetu protokoloei eta holako eszenek aktoreakan daben eragin emozional eta profesionalari buruzko eztabaidea.

Apirilak 23, Bilboko Guggenheim Museoan 'El placer es mío' filma proiektatu ostean, “Bizitzaren eta zinemaren arteko distantzia” solasaldia izango da; solasaldi honetan adineko pertsonen bizitza intimo eta afektiboan gertatzen ari diren aldaketen eta zineman duten presentzia urriaren arteko arrakalaz hausnartuko da. Bertan parte hartuko dute Lorena Berdún, psikologoa eta sexologoa; Jose Mari Goenaga; eta José Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria.

Apirilaren 24an, Ensanche eraikinean Nola kudeatu banaketa bat barriketea eskainiko dau Javier Santoro, soziologoa eta sexologoak, baita NIC - Nagusi Intelligence Centerregaz alkarlanean, maitasun-galerea, autoestimua, bikote-sortzeari jagokozan presino sozialak eta zinemeak gure maitasun-idea zelan desitxuratu dauen eztabaidatzeko.

Saria 2026

Elena Irureta aktorea sarituko dabe apirilaren 20an, Arriaga Antzokian egingo dan inaugurazino galan.

Arte Bideoa Espazio Publikoan

Edizio honetako barrikuntzea da Silver Film Jaialdiak lehen aldiz arte audiobisuala eroango dauela Bilboko kaleetara, Marilyn Minter artistearen obra bi, hain zuzen be: Smash eta Green Pink Caviar.

Lanak 2026ko apirilak 13tik 24ra ikusgai egongo dira BBK Aretoko eta Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegiaren pantailetan, holan jaialdiaren esperientzia erakusketa gelaz harago zabaltzen eta zinemearen, arte garaikidearen eta uri espazioaren arteko alkarrizketa lerro barria edegiz.

Sarrerak

Hiru euroan egongo dira salgai Arriaga Antzokian, BBK Aretoan eta Museo Guggenheim Bilboko saioetarako. Edificio Ensanchen programautako jarduerak doban izango dira, edukierea bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu