Euskadiko Filmategiak ondareari eta emakumeek eginiko zinemeari eskainiko deutse Euskal Zinemaren zikloa

Bizkaie! 2026-04-07 12:12   Zinemea

Hamasei film eskainiko ditue Gasteizen, Donostian eta Bilbon, hamar saiotan.



Euskadiko Filmategiak ondarea eta emakumeen zinemagintzea landuko ditu datozen hiru hilabeteetan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon egingo dan Euskal Zinema zikloan. Azken bosturtekoan euskal emakume zinemagileen lanei argia emon ondoren, Filmategiak zabaldu egingo dau fokua aurten, eta 16 film proiektauko ditu hamar saiotan: gure zinematografiaren historia zeozelan markau daben izenburuak errepasauko ditu.

Zikloa apirilaren 15ean (eguaztenean) hasiko da Gasteizen eta gaur aurkeztu dabe Tabakaleran. Ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria, Joselu Blanco EITBko Programazinoko zuzendaria eta Helena Taberna zinemagilea.

Apirilean, maiatzean eta bagilean, emakumeek zuzendutako pelikulak ikusteko aukerea izango da Artium Museoan, Bizkaia Aretoan eta Tabakaleran. Ikusgai izango diran lanen artean, honako honeek: Yoyes (Helena Taberna, 2000), euskal zinemagintzako erreferentzia diran emakume zuzendarietako baten lehenengo lana; Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola, 2022), Yoyes ETAko militantearen memoria berreskuratzeko lana, Ana Torrenten ahotsean kontauta; Urak aske (Bego Zubia Gallastegi, 2021), Artikutzako presea suntsitzeak ekarritako leheneratzearen barri emoten dauen filma; eta La capitana Alegría / Pour don Carlos (Musidora / Jaime de Lasuén, 1921), segurutik Euskadin eta euskal produkzinoagaz filmautako lehenengo fikzinoko lana, Musidora sasoi haretako emakumezko antzezle frantziarren mitoak Jaime de Lasuén aristokrata karlisteagaz batera zuzendua.

(H)emen Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako Euskal Herriko emakume profesionalen alkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, euskal zinemagintzako lan aurrendari bat proiektauko da: Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1978), baita alkartearen sortzaileetako batek film horri buruz eginiko barrikuspena be: Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016).

Ondarea da programako gainerako lanak lotzen dituan ardatza eta Gerra Zibilari eskainitako saioa, Euskadiko garai haretako gobernuaren Propaganda Atalak produzidutako filmek osotua: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (Nemesio Sobrevila, 1937) eta Elai-Alai (Nemesio Sobrevila, 1938).

Era berean, Gure Sor Lekuaren bila (2015) lana be proiektauko da. Haren bidez, segurutik euskeraz erabat eginiko lehenengo dokumentalaren historia egin dau Josu Martinezek. Dokumentala Hazparnen estreinau eben 1956an. Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok be memoria-ariketea egin dabe: Itzalak argitzen (2026) lanean, 80ko hamarkadako erdialdean produzidutako lau film ertain zaharbarritzeko prozesua dokumentau dabe. Igaz zaharbarrituak izan ziran Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik Panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986), Eusko Jaurlaritzeagaz eta EITBgaz lankidetzan. Lan horren emoitza lez sortua da film hori -EITBren produkzino propioa-, eta lehenengoz emongo dabe zinema-aretoetan.

Euskadiko Filmategiak bere sasoiko euskal film berezienetako bat be berreskuratuko dau: Fuego eterno (1985). José Ángel Rebolledok zuzendua eta Imanol Uribek produzidutakoa da, Javier Aguirresaroberen argazkiak dituana. Musikea Alberto Iglesiasena da, Gerardo Vera izan zan zuzendari artistikoa, eta antzezleak, barriz, Ángela Molina eta Imanol Arias.

Komediak be izango da zikloan, Agur Etxebeste! filmagaz (Asier Altuna / Telmo Esnal, 2019), Donostian Elena Iruretak aurkeztuko dau. Esangura horretan, Un novio de mierda film laburra (Borja Cobeaga, 2010) emongo da, baita Pagafantas be (Borja Cobeaga, 2009).



Sarrerak

Arte Ederren Bilboko Museoaren leihatiletara edo webguneetara jo daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu