Ibilbide ederra atondu dau Getxoko Itxartu Taldeak

Bizkaie! 2026-04-07 11:02   Kirola

Osasunaren eta Ariketa fisikoaren Munduko egunaren harian dator ekimena.

Datorren domekan, apirilaren 12an, Algortako Metro plazatik goizeko 10:00etan hasiko dan ibilaldi berezia atondu dabe, Eusko Jaurlaritza (Osasun Saila) eta Getxoko Udalagaz (Getxo Kirolak) batera. Algortako Metro plazan ekingo jako ibilaldiari goizeko 10:00etan eta Aixerrota errotara joango dira parte-hartzaileak, handik Usategiko Behatokira, Portu zaharrera eta Arriluzera, 11:45ak inguruan Bizkaia Zubikoko plazan amaitzeko, ibilaldian ezustekorik ez bada. Ibilaldiak 8 km. ditu, egiteko erraza da eta batzuentzat bide oso ezagunak izan arren, askorentzat sano bereziak izango dira.

Ibilbide laburragoa egin nahi dabenek toki eta ordu honeetan sartu daiteken ibilaldian:

10:30etan Aixerrotan.

11:05etan Ereagako Turismo bulegoan.

Itxartu taldea

1976. urtean sortu zan, Algorta-Getxon Algortako Itxartu Euskal Dantzari Taldeagaz batera. Helburua Euskal kulturea bultzatzea zan, eta modu berezian betiko euskal kulturako folklorearen esentzia berreskuratu eta zabaldtzea. Sasoi horreetan lan garrantzitsua egin eben Iñaki Uriak (Dantzarien Irakasleak), Fernando Torrontegik eta Arantza Zubillagak.

1986ko martian eratu zan maila formalean Itxartu Taldea Ismael Moral presidente zala eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailaren menpeko Kultura Fundazinoen Erregistroan inskribidu eben. Euskal Kulturea bultzatzen jarraitzeaz gan beste ekitaldi batzuk atontzen be hasi ziren: kirolak, olgetakoak, gastronomikoak eta bestelakoak.

37 urte horreetan zehar milaka gizonek eta emakumek, gaztek zein nagusik, hartu dabe parte ekitaldiotan, eta danei bihotzez eskerrak emon nahi deutseegu, baita ondoko erakunde honeei be: Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzeari be eta gure ekintzak atontzeko musu-truk lagundu deuskuen enpresa eta merkatariei be.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu