‘Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ filmaren estreinaldia apirilaren 3an

Bizkaie! 2026-03-31 09:51   Zinemea

Euskal Telebistan, prime time ordutegian, 22:15ean.

Euskal Herriaren nobia, Joan Baez euskalduna eta Ez Dok Amairuren musa deitu izan jako Lurdes Iriondori eta berari buruz berba egiten ala idazten danean, oraindino bere aitatzen dira holako kantua. Eta askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gan, ez dabe gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbatzeko, aurreko lana eta aurrerago egindakoa desagertuz.

Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak Lurdes ezagutu eta bere lana erakustea dau helburu eta hainbat gai lantzeko bidea be emon deutso Inge Mendioroz Ibañez egileari: emakumearen zeregina gure historian, erreferenteen beharra norberaren identidadea sortzeko, izan be, zein arrazoi egon daiteke Lurdes lako emakume batek egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi barik ezabatu, ezkutatu eta isildu al da? Egilearen ustez, nekez ulertu daiteke holako hutsik.

Bada, dokumentala 73. Donostia Zinemaldiko Zinemira saileko eskaintzearen parte izan zan, atalari ekin eutsona, baita Irizar Saria eskuratzeko hautagai be. Urriaren 23an, Gasteizko Euskal Dokumentalen XI. Astearen programazinoaren barruan emon eben eta, zemendiaren 23an, Hazparneko Zinegin jaialdian izan zan ikusgai.

Ibilbide komertzialari jagokonez, zemendiaren 14an estreinau eben filma Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan, eta ordutik dabiz filma herriz-herriko zirkuituan erakusten. Era berean, 2026agaz batera heldu da Ipar Euskal Herriko zinema-aretoetara.

Datorren apirilaren 3an, prime time ordua, gaueko 22:15ean, emitiduko dau ETBren euskerazko kateak, filmaren telebistako estreinaldia izango dan emonaldian. Gaualdia borobiltzeko Franck Dolosor kazetari lapurtarraren Estitxu (2018) dokumentala izango da aurretik, 21:10ean, ikusgai, Beskoitzen (Lapurdi) sortutako Estitxu kantari aurrendariari eskainitakoa. Iriondoren kide eta laguna izan zan, Maite Idirinegaz eta Patxika Erramuzpegaz batera, eta baita sasoiko kantagintzearen erreferente be.

Sasoi bateko zuri-baltzezko argazkietan izoztua gerartutako abeslari gaztea. Ahaztuta, abeslaria izateaz gan, euskal kulturearen transmisinoan ezinbesteko erreferentea be bada Lurdes Iriondo. Trasmisinorako umeak ezinbesteko zirala ulertu eban eta hareentzat idatzi zituan liburuak eta antzerkiak.

Inge Mendioroz Ibañez zuzendariaren sorkuntzea


Andoaindarrak (Behirada) Maluta* Films produkzino etxeagaz batera egindakoa. Idoia Garzes Aldazabal idazlearena da gidoia; Haritz Arrizabalaga Garmendia da argazki-zuzendaritza lanak egin dituana eta Koldo Corella Ugalde arduratu da soinu-diseinuaz. Aldiz, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak berak egin ditu muntaia-lanak, eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariarenak dira doinuak.

Era berean, honakoa da filman agertzen diran alkarrizketatuen zerrendea: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.

Filmak EITBren parte-hartzea eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mikel Laboa Katedrearen (EHU) babesa dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu