Bilboko Udal Musika Bandeak Aste Santuko kontzertua eskainiko dau

Bizkaie! 2026-03-25 08:53   Musikea

Martiaren 27an, barikuan, iluntzeko 19:00retan, Iñaki Urkizu Kerejetaren zuzendaritzapean. 

Joan Santuen Eleizan izango da Aste Santuko Musika izeneko kontzertua. Nor bere barruan batu eta gogoeta egiteko proposamena da, intensidate emozional handiko errepertorio baten bidez. Iñaki Urkizu Kerejeta zuzendariordearen gidaritzapean, egitarauak Aste Santuko tradizinoari lotutako bandearen errepertorioko obra adierazgarrienetako batzuk ekarriko ditu, baita sasoi honetako dramatismoa, espiritualtasuna eta edertasuna iradokitzen daben orri sinfonikoak be.

Kontzertua Bilboko Udal Musika Bandearen 2025-2026 denporaldiko Profilak izenburukoaren barruan kokatzen da. Ziklo honek soinu eta estetika-identidade desberdinetan barrena egindako ibilbidea proponiduten dau, iraila eta apirila bitartean uribilduko hainbat agertokitan programautako hamazazpi kontzerturen bidez.

Oraingo honetan, kontzertua Joan Santuen Eleizan egingo da. Espazio horrek programearen izaera introspektiboa indartu eta publikoari adierazkortasunaren intensidadeak eta lirismoak markautako esperientzia musikalaz gozetako aukerea emongo deutso. Sarrera librea izango da lekua bete arte.

Iñaki Urkizu Kerejeta (Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendariordea)

Herriko Udalaren Bandan hasi zan tronpetea joten, zortzi urtegaz, familiaren tradizinoari jarraituz. Handik Tolosako Udal Bandara joan eta hor bakarlari ibili zan hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Konserbatorioan egin zituan tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakasleagaz. Irakasle lanak be egin ditu Beasain eta

Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musical entzutetsuan be. Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askogaz alkarlanean ibili da. Horreetako aitagarrienak ondokoak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Arrasate Musical Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zan. Bakarlari moduan egindako lana be nabarmentzekoa da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistakaz, eskainitako organoaren eta tronpetearen kontzertuetan.

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzinoak egiteagaitik eta musika-banda askok jasoten ditue bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikearen bilduma bat prestau dau eta horreen lehen lau zenbakiak argitaratuta dagoz: Jaialdia, Dantzaldia, Kantaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazoten duenez, Oskorri talde ezagunaren omenez egina. Era berean, moldaketa asko musika-ikuskizunetarako egin ditu, besteak beste, Serafín Zubirirentzat Recordando a Nino Bravo eta El Baúl de los 70.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu