Ancer Cepasek urrea eta zidarra irabazi ditu Lignanoko ParaChallengerrean
2026-03-23 07:35 KirolaOlaia Martinez donostiarrak zidarra eroan dau.
2024ko udako azken Jokoetan brontzezko dominearen irabazlea Los Angeles 2028koetara begira sasoian dagoela erakusten dabil. Eta ez bakarrik banakako eta gizonezkoen binakako lehiaketetan, baita AEBetako programan sartuko daben binakako mistoan be.
Aurreko astean Wladyslawowoko Challengerrean banakako lehian irabazitako zidarrari eta taldeka irabazitako brontze biei astegoienean Italiako txapelketan lortutakoak gehitu behar jakez.
Donostiarrak 9 klaseko multzoen faseko partidu biak irabazi zituan. Lehenengoa 3-0 (11-3, 11-6, 11-5) Joao Pedro Ribeiro brasildarraren kontra eta bigarrena 3-1 (11-3, 11-2, 11-7, 11-6) Jan Reinig alemaniarraren kontra. Finalaurenetan arazo barik, 3-0, menperatu eban Ka Sing Ho Hong Kongeko jokalaria (11-9, 11-2, 11-5) eta finalerdian Lev Kats ukrainarra (11-9, 11-4, 12-10). Finalak be ez eutson oztopo handirik ekarri, Joshua Stacey britainiarra 3-1 gainditu baitzeban (11-6, 8-11, 11-6, 11-6) metal preziatuena irabazteko.
Binakako mistoen lehiaketan, XD17-20 klasean, bere bigarren dominea heldu da. Cepas eta Martínezek osotutako bikotea sendotasun harrigarria erakusten dabil ziklo paralinpikoaren hasieratik. Oraingoan garaipenen bidez kontau ditue euren norgehiagoka guztiak finalera heldu arte. Jozic eta Valentekovic kroaziarren kontra 3-1 irabazi eben 3. multzoan, eta Dos Santos eta Rauen brasildarren kontra 3-0 nagusitu ziran. Finalaurenetan 3-1 galdu eban Iwabuchi japoniarrak eta Litvinenko errusiarrak osotutako bikoteak eta finalerdietan 0-3 Zohil eta Lucic kroaziarrek. Finalean, ostera, De Oliveira eta Parinos brasildarrek menperatu ditue donostiarrak 2-3ko emoitzeagaz.
MD18 klaseko gizonezkoen binakako txapelketan Cepasek agur esan eutson lehiari finalaurenetan Juan Bautista Perezegaz batera eta gauza bera jazo jakonj Iker Sastre bilbotarrari MD4 klasean Daniel Rodriguezegaz batera.
Bestalde, emakumezkoen taldekako txapelketan, WD14-20 klasean, Olaia Martinezek, Maria Migueles kataluniarragaz batera, zidarrezko dominea eskuratu dau. Multzoen faseko neurketetan irabazi dabe, finalaurenetakoan eta finalerdietakoan be bai, eta finalean baino ez dabe porrotarik izan. Azken partidu horretan Danielle Rauen eta Jennyfer Parinos brasildarrak izan dira nagusi (3-2).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
