Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire Basque Teameko ugerlariak bikain Bartzelonan

Bizkaie! 2026-03-23 07:40   Kirola

Iñigok urre bi batu ditu eta Nahiak brontze bat.

Bartzelonako Ugerketarako Munduko Seriea, denporaldiko hirugarren geldialdia Munduko zirkuituaren barruan, Gold Coast (Australia) eta Lignanoko (Italia) serieen ondoren, bikaina izan da bertoko kirolarientzat. Llopisek 4x100 estiloetan irabazi dau urrea, baita bizkar erako 100 metrokoan be. Zudairek, barriz, brontzezko dominea irabazi dau estilo libreko 400 metrokoan.

Lehiak Munduko Seriearen hasierako bultzadeari eutsi deutso 39 herrialdetako 238 atleta batuz lau eguneko nazinoarteko torneo honetan.

2025ean estreinaldi bikaina izan ondoren, zirkuitua Bartzelonara bueltau da bere bigarren edizinorako, eta uria egoitza ezin hobe bihurtu da nazinoarteko para ugerketako parolinpikoen egutegian. Parte-hartzaileen zerrenda sendo eta anitzagaz errendimendu maila handia erakutsi dabe eta kirolariek aukerea izan dabe denporaldiaren hasieran beren formea eregiten jarraitzeko, oraindino erabagi barik dagoanean noiz eta non jokatuko dan aurtengo Europako Txapelketea.

Danetara, estadu espainiarreko ordezkaritzeak, 61 atleta eroan ditu Kataluniara, tartean Iñigo Llopis Sanz (S8) eta Nahia Zudaire Borrezo (S8/SB7) faborito izanik, biak nazinoarteko mailan. Proba gehiagotan lehiatu diran arren, gipuzkoarrak lehen aitatutako proban nabarmendu dira oraingoan. Iñigok, 2024ko Pariseko txapeldun paralinpikoak, estiloetako 4x100 metroko erreleboan bere palmaresera beste bat batu dau Bartzelonan, Anastasiya Dmytriv, Beatriz Lerida eta Oscar Salguerogaz batera, metal preziatuena bereganatuz. Bere bigarren urrea bere proba gustokoenean heldu zan, bizkar erako 100 metrokoan, hain zuzen be, Europako, Munduko eta Joko Paralinpikoetako txapelduna baita. Orain irabazi egin dau 1:06.27 markea ezarriz. Bestalde, Nahia Zudairek, Europako eta Munduko dominadunak, brontzezko dominea irabazi dau estilo libreko 400 metrokoan. Proba horretara ohituta dago eta orain 5:08.96ko deborea eginez igon dau podiumeko hirugarren tokira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu