Anton Legorburu errugbi jokalariak zidarrezko dominea irabazi dau

Bizkaie! 2026-03-11 08:01   Kirola

Bikain dabil Legorburu nazinoartean.

Basque Teameko bekea dauen errugbi jokalariak podiumeko bigarren lekura igon dau finalerdietan Fijiri 24-17 irabazi eta finalean Hegoafrikaren kontra 12-38 galdu ondoren. Antonegaz batera Martin Sorreluz zarauztarra be lehiatu da Kanadan estaduko selekzinoagaz.

Igaz zidarrezko dominea irabazi eban Legorburuk Zazpiko Errugbiko Europako Txapelketan, baita Munduko Txapelketan be, kasu horretan Los Angelesen, 2028an hurrengo udako Jokoak hartuko dituan agertokian. Donostiarra ohikoa da World Serieetako eta nazinoarteko hitzordu handietako deialdietan eta sailkapen olinpikoa lortu ezkero, AEBetan ikusleen gozagarri izango da.

Edozelan be, hori urte bi barru jazoko da baina, oraingoz, bikain dabil World Serieen barruan. Txapelketako azken geldialdia astegoienean jokatu da Vancouverren, Kanadan. Legorbururen taldeak irabazi egin eban Zeelanda Barriaren kontra 12-10. Partidua ez zan ondo hasi, All Blacks 7s taldea izan baitzan nagusi lehenengo minutuetan. Zeelanda Barriko taldea markagailuan aurreratu zan 3. minutuan eta aldeak handitu zituan 6.ean, deskantsura 0-10ekoagaz heltzeko. Bigarren zatian, barriz, sensazino onak bueltau eta irabazi egin eben.

Eguneko bigarren partiduan, Hegoafrikaren kontra, 7-28 galdu eben. Bigarren zatian, Hegoafrikako taldeak partidua desorekatu eta 28-0ekoa jarteko hiru ensegu eginda. Jeremy Trevithickek aldea murriztu eban azken minutuetan baina ez zan norgehiagokari bueltea emoteko denporarik egon.

Hirugarren norgehiagokan 10-0 irabazi eutsen Britainia Handiari eta sari bi zan zituen batera, finalerdietarako txartela irabazi baitzeben. Antonen taldeak oso partida serioa jokatu eban talde britainiarrari ia aukerarik emon barik. Holan, multzoko bigarren sailkatu eta bigarren jardunaldian onenakaz lehiatzeko txartela lortu eben.

Finalerdietan bolada onak aurrera jarraitu eban, Fiji 24-17 irabazita. Partidu bikaina jokatu eben eta Fiji ia denpora guztian izan zan markagailuan atzetik. Atsedenaldira Espainiaren aldeko 17-10 bategaz joan ziran. Bigarren zatia Pol Plari atararako txartel horiagaz hasi zan eta minutu bi gitxiagogaz jokatu behar izan eben. Denpora horretan Fijiko saiakerei eutsi eutsen eta 17-10ekoa 11. minutura arte geratu zan Fijik bardinketea lortu ebanean. Halan da be Pol Plaren jokaldi bikain bat Legorbururen behin betiko enseguagaz amaitu zan, partidua irabazi eta Hegoafrikaren kontrako finalerako txartela eskuratuta.

Finalean Anton Legorbururen taldeak Hegoafrikaren hormatzarraren kontra egin eta 12-38 galdu eban. Sprinbookak jaun eta jaube izan ziran multzoen fasean eta finalean be erakutsi eben euren nagusitasuna. Hiru minutu eskasetan Hegoafrikak 3 ensegu egin zituan eta 12-0ekoa jarri eban markagailiuan. Van Wyk, deskantsura heldu baino apur bat lehenago, barriro heldu zan markearen gunera deskantsura 17-0ekoa ezarriz.

Van Wyk izan zan bigarren zatian 24-0ekoa jarri ebana. Jeremy Trevithickek aldea murriztu eba ensegu on bategaz eta Legorburuk, ondoren, bardin egin eban. Azkenik, 38-12ko garaipena Hegoafrikarentzat, donostiarraren taldeak Kanadan azpitxapelketea eroan eta azken torneoetako sensazio onak eta hazkundea berretsi dituan arren.

Datorren astean, HSBC SVNS Series zirkuituko hurrengo probea New Yorken jokatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu