Bilbok 17 herrialdetako kirol tradizionalak hartuko ditu
2026-03-10 08:55 KirolaSustabiz Fundazinoa AEJeSTko Administrazino Kontsejuko anfitrioia izango da.
Herri Kirolak, Euskal Pelotea eta Arrauna sustatzeko Sustabiz Fundazinoa, Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Alkartearen (AEJeST) Administrazino Kontsejuko anfitrioia izango da, martiaren 13tik 15era arte, Bilbon. Nazinoarteko erreferentea dan AEJeSTren Europa mailako topaketeak 17 herrialdeetako kirol-eliteak batuko ditu.
Sustabiz Fundazinoa, 2023. urtetik, AEJeST Kirol Tradizionalen Europako Jokoen Alkarteko kide da. AEJeSTren urteko batzarrean erabagiak hartzen eta bozketak egiten parte-hartzeaz gan, aurton administrazino-kontsejua hartzeko ardurea dauka. Joseba Etxebarriak, Sustabiz Fundazinoko arduradunak ondokoa adierazo dau: AEJeSTko kide izatea harro egoteko arrazoia da, Europa mailako beste alkarte batzuekaz hartu-emonetan egoteko eta sustapen eta ikerketa-proiektuak eta Erasmus lako programak martxan jarteko aukerea emoten deusku. Lankidetza horrek esperientzia baliotsua, etenbako ikaskuntza-prozesua eta goi-mailako hartu-emonak eskaintzen deutsoz Fundazinoari. Horri guztiari beste erantzukizun bat gehitu behar deutsagu orain: kirol tradizionalaren elite europarra batzen dauen topaketako anfitrioiak izatea. Horrek esan gura dau begirada guztiak gugan jarrita egongo dirala, ez bakarrik gure lanean, baita gure lurraldean be, Bizkaian.
Halanda ze, Sustabiz Fundazinoak Bizkaia 2026ko Kirolaren Europako Eskualde izentetatko prozesuan parte hartu dau. Holan, ebaluazino prozesu zorrotzean kirol-jarduerak sustatzeko proiektua aurkeztu eutseen Sustabiz enpresako arduradunek ACES Europako ordezkaritzako ordezkariei, Bizkaia autortzeko.
Nazinoarteko jardunaldia
AEJeSTren Administrazino Kontsejuaren arloan, nazinoarteko jardunaldia egingo da datorren martiaren 13an, Deustuko Unibersidadean. Izan be, Sustabiz Fundazinoak eta Deustuko Unibersidadeak hezkuntza-lankidetzarako hitzarmena sinatu eben 2024an, unibersidade-eremuan herri-kirolak, euskal pelotea eta arrauna sustatzeko, prestakuntzearen eta ikerketa zientifikoaren bidez. Deustuko Unibersidadeko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikotxeko ikasleek euskal kirol tradizionalei buruzko ezagutzak ikasteko eta eskuratzeko aukerea dabe. Gainera, prestakuntza eta dibulgazino-jardueretan eta herri kirolakaz lotutako hainbat ekitalditan parte-hartzea be sustatzen da. Ekitaldia, helburu horren barruan dago, eta kirol tradizionalen elite europarra batuko dauen hitzaldi nabarmena eta ondorengo mahai-ingurua izango ditu.
Jardunaldia 12:00etan hasiko da, Identidadea, Kulturea eta Tradizinoa jokoaren eta kirolaren bidez izenburupean. Bertan, Pere Lavega AEJeSTko presidenteak, Isabel Rubio Deustuko Unibersidadeko Hezkuntza eta Kirol Fakultadeko dekanoak, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak eta Bilbao Kiroletako presidenteak, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari nagusiak parte hartuko dabe, baita ACES Europako ordezkari batek, Philipp Müller-Wirth UNESCOko Kirol ataleko zuzendariak eta Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazinoko arduradunak be.
Nazinoarteko konferentzian, Pere Lavega AEJeSTko presidente eta INEFC irakasle katedraduna eta Dani Carballo EHUko arkitektoa izango dira hizlari. Pere Lavegak haren lan profesionala (irakaslea eta ikertzailea) joko-motorraren inguruan egin dau, batez be, joko tradizionalen inguruan eta Joko eta Kirol Tradizionaletako Irakasleen eta Ikertzaileen Munduko Sareko presidentea be bada. Lavegak Gorputz-hezkuntzak amets bat dauka: gizartea kirol joko tradizionalen bidez eraldatzea hitzaldia aurkeztuko dau. Daniel Carballo Ostolaza arkitekturan doktorea, EHUko irakaslea eta arkitektoa da, eta Plazas con frontón de Euskal Herria liburuaren koordinatzailea izan da. Carballok Pelota jokoaren historia eta espazioaren garapena gaia jorratuko dau.
Ondoren, Pere Lavegak gidatutako mahai-ingurua hasiko da, Joko eta Kirol Tradizionalak Europan. Sareko lana, Gorputz Hezkuntzako eta Kiroleko profesionalentzat giltzarria izenburupean. Hizlariak ondokoak izango dira: José Ángel Hoyos, AEJeSTko presidenteorde ekonomikoa eta Bolos Cantabria Fundazinoko arduraduna; Paolo Avigo, JT AEJeST Dokumentazino eta Errekonozimentu presidenteordea eta AGAko presidentea, Italia; eta Joseba Etxebarria, Sustabiz Fundazinoko zuzendaria.
Hitzaldia AEJeSTek eta Sustabiz Fundazinoak atonduta, Deustuko Unibersidadea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kirolur izango ditu laguntzaile.
Kulturartekotasunaren aldeko joko eta kirol autoktonoen jardunaldia
Bizkaia izentau dabe Kirolaren Europako Eskualde 2026, ACES Europe erakundeak, Europako Batzordeagaz lankidetzan, emondako autortza entzutetsua. ACES Europek balorau egin dau Bizkaiak kirolaren balioekaz daukan konpromisoa, baita gizarteratzeko, ondoizatea hobetzeko eta herritarren bizi-kalidadea hobetzeko tresna lez kirolak daukan eginkizuna. Kirolaren Europako Eskualde izentatzea bultzadea erabagigarria izango da lurraldean kirol-jarduera indartzeko eta Bizkaiko kirolaren eta ondoizatearen eredua nazinoartean proiektetako.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirolur programaren barruan (Bizkaia, Kirolaren Europako Lurraldea 2026) eta AEJeSTen Europako topaketaren barruan, datorren martiaren 15ean, goizean, Bilboko Emakumeen Plazan Munduko Kirolak jardunaldia egingo da. Bilbon eta Bizkaian dagozen migrazino-komunidadeetako joko eta kirol autoktonoen jardunaldia da. Helburua kulturartekotasuna eta espazioa partekatzearen aberastasuna sustatzea da, joko eta kirol tradizionalakaz alkarreragiteko.
Ekitaldi honetan Bizkaiko eta Euskadiko kirol eta joko tradizionalak ikusarazoko dira, baita Kamerun, Aljeria, Maroko, Bolivia edo Asturiasekoak be. Helburua dira kulturartekotasuna, kohesinoa eta lankidetza sustatzea, joko eta kirol tradizionalak praktikau eta horreek ikusarazotea. Ekitaldia erakustaldi moduan planteetan da, baina parte-hartzeko aukerea be egongo da, bertaratutako ikusleek parte hartu eta probau ahal izan deien.
Sustabiz Fundazinoak aizkolaritza erakustaldi berezia eskainiko dau, diziplina horren egungo modalidadea nondik datorren ondoen erakusten dauen diziplineagaz. Enborra bertikalean moztea da, 5 metroko altueran eta oso kirolari gitxik egiten dabe. Beraz, ikusgarritasuna ziurtatuta dago.
Euskadiko Kamerundar Alkarteak Kamerungo burrukearen erakustaldia eskainiko dau. Horrezaz gan, bardintasunaren aldeko lana erakutsiko dabe, Kamerunen debekauta dagoan kirol honetan emakumeei ateak edegiz.
Agiantza alkartearen helburua da desabantaila sozialei buruzko ezagutzak sortzea eta gizarteari itzultzea, Bilboko eta Meatzaldeko desabantaila sozial handiena daben personei aukerea emonez. Talde horrek Aljeria, Maroko eta Boliviako jokoak ikusgai jarriko ditu. Helburua espazio ludiko eta parte-hartzailea sortzea da, kirolaren bidez kulturen arteko alkarbizitzea sustatzeko.
Asturiasko 6 Conceyos Alkarteak be parte hartuko dau euskal trontzeagaz antzekotasuna daukan diziplineagaz, baita izaera ludikoagoagaz be. Gainera, Bilboko Esperantza Pelota Klubak, joko zuzenaren bitartez antxinako pelota modalidadea berreskuratuko dau, pasaka.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
