Egoitz Bijueska skaterrak urrezko dominea irabazi dau Sao Paulon

Bizkaie! 2026-03-09 07:40   Kirola

15 urtekoak bere lehen dominea irabazi dau Munduko Txapelketa absolutu batean.

Egoitz Bijueska. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbotarra Munduko txapeldun izan da park modalidadean Sao Paulon jokatutako hitzordu handian, finalean 92.28 puntugaz balorau daben bigarren txanda ikusgarri bat egin ondoren. Emoitza horrek finala jokatutako zortzi skaterretatik bost onenek bakarrik jokatu daben laugarren kanporaketarako txartela emon deutso. Erronda horretan, ‘Golden Round’ izenekoan, Egoitzek barriro erakutsi dau momentu honetan Munduko skater onena dala bere kategorian. Zidarrezko dominea ziurtauta ebanean, Tom Schaar eta Taylor Nye estadubatuarraren edo Keefer Wilson australiarraren mailako skaterren aurrean nabarmenduta, Egoitzek 95.83 puntuko emoitzea ezarri dau 94.80 puntu zituan Kalani Konig brasildarra azpiratzeko eta garaikur handia bereganatzeko.

Basque Teameko bekadunak sekulakoa egin eta Munduko Txapelketea irabazi dau. Belaunean min hartu eban finalaurrenetako beroketa txandetan eta, halan be, minari eusten jakin ta kanporaketetan aurrera egiteko txartela lortu dau. Finalaurreetan 78.63 puntu lortu zituan lehen kanporaketan eta 86.93 puntu laugarren postua eman zion bigarren txandan. Hirugarrena ez jokatzea erabagi eban finalerdietarako txartela ziurtauta eukalako.

Finalerdietan be kolpe bat hartu eban beroketan baina horrek ez eutson eragotzi 87.54ko bigarren txandea egitea, lehen txandako 83.19ak gaindituz, eta final handirako txartela eskuratzea. Ospitalera eroan behar izan eben miaketa bat egiteko, lehiatu ondoren zorabiotuta eta botagureagaz jarraitzen baitzeban. Egin beharreko probak egin eta garuneko lesinoak baztertu ondoren, Bijueska lehiaketara bueltau zan. Bizkaitarrak beste planeta batekoa dala erakutsi dau. Ohikoa ez dan talentuaren jaube, 2023an Erromako Mundialean ikusi zan lez, bertara gonbidapenagaz joan baitzan. Ordutik aurrera bere garapena meteorikoa izan da. Final handian hazi egin da txapelketa handi guztietan bezela. Lehiaketa handien presinoak ez deutso eragiten, berezko magia ataraten dau. 15 urte baino ez dituan arren, ez da kikiltzen eskarmentu handiagoko arerioen aurrean, eta gaur skatepark brasildarrean erakutsitakoaren ondoren, onenen artean dagoala esan daiteke.

Munduko Txapelketan lortutako urrea, 2024an Erroman lortutako bosgarren postuari eta 2025ean World Skate Tourreko proban, Erroman be, lortutako urreari gehitu behar jake. Egoitz Bijueska Sao Paulora etorri zan espezialidadeko Munduko Zerrendako buru zala.

Munduko Txapelketa honetan, Bijueskaz gan, Basque Teameko beste lau kirolari be lehiatu dira parkeko modalidadean: Naia Lasok 15. postuan amaitu dau, Peio Gonzalezek finalaurenetan esan eutson agur txapelketeari eta Alain Kortabitartek eta Gadea Mojak sailkapen fasean.

Egoitz Bijueska (Bilbo, 2010-11-24)

Egoitz Bijueskak 15 urte ditu baina zazpi urte bete baino apur bat lehenago hasi zan patinetan. Plentziako skateparkeko mutil bat txirinbuelta bat egiten ikusi eban eta sinistezina begitandu jakon eta horregaitik, skatea egiten erakusteko eskatu eutson aitari.

Familian inork ez ekianez patinetan eta skatearen munduagaz ezelako loturarik ez ebenez, skate eskola bat bilatu behar izan eben. Pentsau eben aldi baterako kontu bat izango zala eta hilabete pare batean beste zeozer egitea eskatuko ebala baina holakorik ez zan jazo.

Hasieran, skatea eta uger egitea buztartzen zituen. Skatean lehiatzen hasi zan eta, ondoren, ugeriketan. Kirol bietan gustora ebilen baina oso gatxa zan entrenamenduak eta lehiaketak buztartzea eta bere gurasoek uger egiten jarraitzea nahiago baeben be, Egoitzek skateboarda aukeratu eban.

Laster hasi zan Egoitz skate lehiaketetan nabarmentzen. 10 urtega Le Havreko (Frantzia) 16 urtez azpiko FISE txapelketea irabazi eban. Urte horretan bertan, Iruñeko Navarra Arenan erakustaldi batean parte hartzeko konbita egin eutsen, Tokioko Jokoetatik heldu barri zan talde olinpikoagaz.

11 urtegaz Paueko (Frantzia) 16 urtez azpiko Departamendu Txapelketea eta Veaux Boucauko (Frantzia) Maila Absolutuko Txapelketea irabazi zituan. 12 urterekin Espainiako 16 urtez azpiko txapeldun izatea lortu eban kategoria absolutuan, Bordelen (Frantzia) 16 urtez azpiko Half Pipeko Nazinoarteko Txapelketea irabazteaz gan, eta Vieux Boucauko Txapelketan lehen postua berretsi eban kategoria absolutuan.

Ezusteko handia emon eban bere lehen Munduko txapelketa absolutuan, Erroma 2023koan 23. postuan sailkatu zanean.

Egoitz Bijueskak ahoa zabalik ixten ditu kritikariak eta zaleak. 2023ko Munduko Txapelketan gonbidapen-txartel bati esker lehiatu zan 12 urte zituala. Orduko haretan finalaurenetara heltzean harritu zituan eta ordutik nazinoartenn interes handiagaz jarraitu izan deutse espezialistek.

Munduko Txapelketa ha jokatu eta hilabete batzuetara, estaduko selekzinoetako ohiko deialdietan sartzen hasi zan, eta Pariseko Jokoetarako sailkapena lortzeko aurreolinpikoa jokatu eban, bai Shanghaiko probea, bai Budapestekoa. Ezin izan eban Frantziako uribururako txartela lortu, baina skatearen aldeko apustua egiten eta bere teknikea hobetzen jarraitu eban, AEBetara eten barik bidaiak egiten onenengandik ikasteko.

2024an, Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin eta urtebetera, Egoitz Ostiara itzuli eta 23. postutik bosgarren postura pasau zan bere bigarren Munduko Txapelketa absolutuan. Etenik barik ikasten jarraitzen dauen kirolariaren garapena frenetikoa izan da tarte honetan.

2025eko maiatzean, 14 urte besterik ez zituala, Estadu mailan 900 bat lortzen lehen skaterra izan zan, hau da, sei metrotik gorako altueran bira bi eta erdi egiten Estaduko lehen skaterra izan zan. Munduan marka hori daben 12 skaterren zerrendan sartu zan bilbotarra. Kalifornian izan zan, bere entrenatzaileagaz, Trevor Ward australiarragaz, praktiketan ebilela. Txirinbueltea egiteko egun bi eta 20 saiakera baino ez zituan behar izan eta Tony Hawk mitikoak, barriz, 10 urte behar izan zituan.

Hilebete aurrerago, Ostiako Munduko Kopan Egoitzeksekulakoa egin eban: sailkapen kanporaketan zazpigarren izan zan 85.56ko puntuazinoagaz. Final laurenetan hamalaugarren amaitu eban 84.06ko emoitza onenagaz eta ezustekoa izan zan, finalerdietan, bizkaitarra onena izan baitzan, World Skateko historiako puntuazinorik altuena lortuta gainera: 95.83. Keegan Palmer txapeldun olinpiko bikotxak baino ez dau nota hori lortu, Tokioko Jokoetan urrea eroan ebanean.

Finalean Ostiako skateparkean, bikain ebilen skateparkean, bere potentzial guztia atara eban berriro. Skateari denpora asko eskaini arren, Egoitzi asko gustetan jako bariku arratsaldeetan eta zapatuetan diziplina horregaz zerikusirik ez daben eskolako lagunakaz paseoan joatea. Hareekaz futbolean jokatzen dau eta istorioak konpartiduten ditu, nahiz eta, berak dinoan lez, nahikoa kostetan jake bere bizitea ulertzea...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu