EZAEk ‘Aretoetan, zinema beti handi’ ekimena jarri dau martxan

Bizkaie! 2025-12-09 10:58   Zinemea

Euskal, europar eta euskerazko zinemea Euskadiko publikoarengana hurreratzea da asmoa.

EZAEk, Euskadiko Zinema Aretoen Alkarteak, ‘Aretoetan, zinema beti handi’ kanpainea jarri dau martxan. Hiru ekintza berezi batzen ditu, honako helburuakaz: euskal eta europar zinemagintzea sustatzea, publikoagaz loturak indartzea eta zinema-aretoen balio kulturala autortzea.

Kanpainan 24 zinema-aretok eta 85 pantailek hartzen dabe parte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzea dau.

Ardatz nagusia, abenduaren 20an egingo dan Zinemearen Euskal Festa izango da. Egun horretan bakarrik, euskal eta europar filmetarako sarrera guztiak 3 euroko prezio sinbolikoan eskainiko dira. Helburua publikoa zinema-aretoetara hurbiltzea eta gure zinemaz pantaila handian gozetea da. Ekintza hori EZAEko areto guztietan egingo da, herritarrek karteldegiko pelikulak prezio berezian deskubridu eta gozau deiezan.

Beste egitasmo bi be hartuko ditu kanpaineak, orain hasi eta urte amaierara arte egingo dira. Alde batetik, Euskadi-Europa. Gure zinemako perlak ekimenagaz, euskal eta europar film bereziak proiektauko dira, euro biko deskontuagaz sarreretan, gertuko egile-zinemearen aniztasun eta aberastasuna azpimarratzeko. Honako filmak izango dira ikusgai: Los domingos, La cena, Karmele, Mi amiga Eva, Sirat, La deuda, Ciudad sin sueño eta Jone, batzuetan.

Bestetik, Zinema Euskeraz familiartean zikloa izango da. Ume eta gazteentzako programazinoa indartzeko asteotan, euroko biko deskontu bereziak eskainiz, eta honako filmez gozauko dogu: Hartz-atzapar kanpamentua, Tigre galdua, Heidi, Super Elfkinak, Super Charlie, Kayara, Minecraft film bat eta Looney Tunes, lurrak eztanda egin zuen eguna.

Ekintza horreek EZAEren konpromisoaren adierazgarriak dira: euskal eta europar produkzinoa sustatzea, publikoa erakartea eta euskerazko zinemearen babesa indartzea, izan be, horrexek dira, besteak beste, alkartearen helburu nagusiak.

EZAEko 24 zinema-areto eta 85 pantailen parte-hartzeak aukerea emongo dau kultur eskaintzea zabaltzeko, azkenaldian karteldegian egon diran film batzuei bigarren aukerea emoteko eta jente gehiagok pantaila handian filmak gozetako.

Egitasmo honetan parte hartzen dabe: Getxo Zinemak, Zugaza Durango, Néstor Basterretxea (Bermeo), Olalde (Mungia), Meatzari (Muskiz), Urduliz, Zalla, Modelo Zarautz, Hernani, Golem Alhóndiga (Bilbo), Bastero (Andoain), Gurea (Villabona), Areria (Lazkao), Zelai Arizti (Zumarraga), Latxartegi (Legazpi), Oñakito Zinema, Ikusgarri (Lekeitio), Multis (Bilbo), Niessen (Errenteria), Gorbeia (Gasteiz), Florida (Gasteiz), Ballonti (Portugalete) eta Antiguo Berri eta Principe zinemak (Donostia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu