Mugarri historikoa izan da txapelketea
2025-09-29 11:19 KirolaEuskal Herriko txapelduna Joseba Ugalde (Lezama) izan da guraizez.

Amaitu da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketearen lehen edizinoa. Abadiño Euskal Herri osotik eta nazinoartetik etorritako ardi moztaileen topagune konbertidu da. Halanda ze, Euskal Ardi Moztaileen Alkarteak (EAME) egiten dauen lehen balorazinoa oso ona da: Euskal Herri osotik hurreratu da jentea Abadiñora. Goizeko lehen ordutik sortu da giro bikaina. Probalekua txiki gelditu da. Publikoaren zein moztaileen partetik jasotako erantzuna bikaina izan da. Goi-mailako ikuskizuna eskaini dabe. Emozionauta gagoz. Harro, ikusi eta sentidu dogunaz. Euskal Ardi Moztaileen Alkartearen izenean, bihotz-bihotzez eskertu nahi deutsegu ekitaldia posible egin daben guztiei: artzainei, moztaileei, boluntarioei, ikusleei, komunikabideei, babesleei eta gugan sinisten daben guztiei.
Orain urte bi, moztaile batzuk besterik ez ginan. Gaur egun, hazten dabilen moztaile familia gara. Nazinoarteko autortza ofiziala jaso dogu Euskal Herri osoaren izenean; alkartea sortu eta lehiaketa ofiziala atondu dogu. Lan asko dago egiteko, baina bidea egiten gabiz. Alkarregaz jarraitzeko prest gagoz eta ardi moztaileok gazten artean inspirazino izan gura dogu.
Txapelketako emoitzak
Euskal Herriko eta nazinoarteko 80 moztaile ibili dira lehian Euskal Ardi Moztaileen lehenengo Txapelketan. Euskal Herrian lehen aldiz egin da dimensino horretako ardi moztaile txapelketea. Euskal Herriko eta Nazinoarteko Txapelketak, tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Labelen eskutik jan-edana, ardi eta artile produktuen azokea. Guztiek izan dabe tokia txapelketan. Ardien mundura bete betean sartu da Abadiño.
Euskal Herriko txapelduna Joseba Ugalde (Lezama) izan da guraizez (2. Jon Sainte- Marie (Landibarre); 3. Mikel Galvez (Eskoriatza) eta 4. Josu Ekisoain (Ibiriku)) eta Mikel Etxebarria (Dima) makineaz (2. Joseba Ugalde (Lezama); 3. Laurent Paris (Eskoriatza) eta 4. Ipar Arrinda (Lekeitio)).
Nazinoarteko lehia Ingalaterrak irabazi dau (2. Frantzia; 3. Gales; 4. Espainia; 5. Irlanda; 6. Eskozia; 7. Euskal Herria eta 8. Herbehereak). Open kategorian Llyr Evans (Gales) makinaz (2. Nick Greaves (Ingalaterra); 3. Jeremy Leygonie (Frantzia) eta 4. Philip Price (Gales)) eta Joseba Ugalde (Euskal Herria) guraizez (2. Mikel Galvez (Euskal Herria); 3. Archie Paterson (Eskozia) eta 4. Jon Sainte-Marie (Euskal Herria)) izan dira garaile. Senior kategorian, barriz, Ben Scottek (Irlanda) irabazi dau (2. Julian Karl (Alemania); 3. Christopher Begley (Irlanda) eta 4. Mikel Galvez (Euskal Herria)).
Kontuak kontu, mugarri historikoa izan da txapelketea. Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketearen bidez Euskal Herriari mozketa lehiakorra, kirola, zer dan erakutsi da. Arabere gehiago, artzain eta moztaile herria garela balioan jarri da, ogibidea eta kirolaren edertasuna aldarrikatuz.
Munduko txapelketea ate joka
Gaurtik hasita, erronka barri batean sartuko da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Alkartea, 2026ko Golden Shears Munduko Txapelketea, martiaren 4tik 7ra Mastertonen (Zeelanda Barria) egingo baita.
Makinaz ibiliko diran moztaileak (bi), guraizezko moztaileak (bi) eta artilariek (bi) osotuko dabe munduko txapelketan parte hartuko dauen lehen Euskal Herriko selekzinoa. Horreezaz gan, taldeburua, epailea eta entrenatzailea joango dira. Euskal moztaileak munduko txapelketara eroateko guztion babesa ezinbestekoa izango da, guztion indarrak batzea.
Babesleak
Euskal Herriko Ardi Moztaileen Alkarteak (EAME) atondutako txapelketeak, ondoko erakundeen babesa jaso dau: Abadiñoko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Urkiola Landa Garapena, Eusko Label, EKFB-Euskal Kirol Federazinoen Batasuna, Eusko Jaurlaritza-Euskadi Basque Country eta Udalbiltza Euskal Herriko Udalen patzuergoa. Era berean, ondoko honeen laguntzea be izan dau: Bizkaiko Euskal Herriko Nekazarien Alkartasuna, EITB, Eako Udala, Erromantzazuko Udala, Laudioko Udala, Venor, Schimidt Abadiño, Etorki, Mariezcurrena, Atxa Txiki, Idiazabal eta Gu ere bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!