Iñigo Llopisek urrea irabazi dau
2025-09-23 07:45 KirolaBizkar erako 100 metrokoan nagusitu da.

Iñigo Llopisek ez dau huts egin. Azken urteetan, S8 mailako probako txapeldun olinpikoak sekulakoa egin dau Singapurreko Munduko Txapelketan, orain urte bi Manchesterren irabazitako titulua berresteko.
Donostiarrak goizeko saioan denporarik onena egin dauu. Bere kategoriako bigarren seriean parte hartu, bigarren zati zoragarria egin eta kronoa 1:06.41ekoan ezarri dau, Kota Kubota japoniarra (1:07.29) eta Turgut Aslan Yaraman turkiarra (1:07.41) gaindituz. Lehen serieko denporarik onena, Eduard Horodianyn ukrainarrak lortutakoa (1:06.64), Llopisen markatik gertu, hain zuzen be.
Finalean laugarren kalean uger eginez, lehen 50 metroak hirugarren postuan amaitu ditu, 31.81ko denpora eginda, Kubota japoniarra (31.28) eta Horodianyn ukrainarra (29.86) baino okerrago. Gainerako 50 metroetan, barriz, Llopisek bere amorru guztia atara dau ugerlekuan, eta bere aurkariak aurreratu ditu, baita Turgut Aslan Yaraman turkiarra be, azkenean ugerlari japoniarragaz izan dauen burruka berezian nagusitu dana. Holan, Iñigo Llopisek Munduko urrea eskuratu dau 1:05.29ko kronoagaz, Pariseko Jokoetan (1:05:58) eta Manchester 2023ko Munduko Txapelketan (1:05.32) lortutako bere urrezko markak hobetuz eta marka personal eta Espainiako errekor barria ezarriz. Eduard Horodianynek irabazi dau zidarra (1:06.18) eta Turgut Aslan Yaramanek brontzea (1:06.52).
Nahia Zudaireren brontzea
Basque Teamen bekea dauen Nahia Zudairek brontzezko dominea irabazi eban atzo era askeko 400 metrokoan (S8), 5:03.69 markea ezarriz. Gipuzkoarra bigarren sailkatu zan goizean jokatutako sailkapen saioan eta podiumeko hirugarren tokira igon eban finalean, Alice Tai (4:59.00) eta Brock Whiston (4:59.21) britainiarren atzetik. Gizonezkoen proban, barriz Iñigo Llopis zortzigarren izan zen 4:39.40ko denporeagaz.
Zudaire irailaren 23an lehiatuko da barriro bular estiloko 100 metroko proban.
Singapurreko Ugerketa Paralinpikoko Munduko Txapelketea irailaren 21etik 27ra jokatuko dabe eta 60 herrialde baino gehiagotatik heldutako 600 ugerlari izango dira bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!