Angelina Jolie, Louis Garrel eta Garance Marillierrek ‘Couture’ filmaren aurkezpenean parte hartuko dabe

Bizkaie! 2025-09-19 08:06   Zinemea

Angelina Jolie oscar saridunak lehen aldiz bisitauko dau Donostia Zinemaldia, irailaren 21ean.

Alice Winocourren Couture filmaren aurkezpenean Louis Garrel eta Garance Marillierregaz batera parte hartzeko (Sail Ofizialeko lehiaketan dago filma). Kontuak kontu, hirurek Winocourregaz eta iragarritako aktoreakaz (Anyier Anei eta ella Rumpf) bat egingo dabe.

Modearen Parisko Astearen harian, hiru emakumeren bizitzak kurutzatuko dira Frantziako uriburuan: Maxine (Angelina Jolie), zinemagile estadubatuar bat, bularreko minbizia dauela deskubridu dau eta gertuko kolaboratzaile bategaz (Louis Garrel) ezusteko hartu-emonei ekingo deutso; Ana (Anyier Anei), modearen munduan arpegi barria, bere herrialdean, Hego Sudanen, aurrez zehaztutako etorkizun batetik iges egin dau; eta Angèlek (Ella Rumpf), makillatzaile frantziarrak, desfileen atzealdean egiten dau lan. Euren bideak kurutzatzen diran neurrian, Couture filmak isilpean geratzen dan erresilientzia erakutsi eta lanbide, kultura eta kontinente ezbardinetako emakume horreek konpartiduten daben isileko alkartasunari egiten deutso omenaldia.

73. Donostiako Zinemaldia hilaren 19tik 27ra

Angelina Jolie, Louis Garrel eta Garance Marillier dira daborduko baieztatuta dagozan beste hainbesteren presentzia bermatu dabenak, besteak beste, Jennifer Lawrence, Colin Farrell, Juliette Binoche, Paul Dano, Harris Dickinson, Matt Dillon, Colin Farrell, Denis Lavant, Maria de Medeiros, Ron Perlman, Renate Reinsve eta Stellan Skarsgarde.

Ez ahaztu, Esther Garcia produktore espainiarrak eta Jennifer Lawrence aktore estadubatuarrak jasoko dabe Donostia Saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu