Ramon Bareak jasoko dau III. Gure Zinema Saria
2025-09-09 11:06 ZinemeaIrailaren 24an, Zinemaldiaren 73. edizinoaren barruan.

Gure Zinema Sariak Ramon Barea aktore, antzerkigile eta antzerki-zuzendariaren ibilbidea autortuko dau aurton, hirugarren edizinoan. Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua) filmagaitik Goya sarietarako izentaua izan zan Barea, eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako sortzaileetako bat eta ohorezko kidea da.
Sari horregaz, Gure Zinemak aintzat hartzen dau Bareak euskal zinemearen erreferente bezela dauen papela, baita pantaila handiko zinemeari egindako ekarpena be. Ekitaldia irailaren 24an izango da, Zinemaldiaren 73. edizinoaren barruan, Donostiako Kursaalen.
Borja Cobeagak emongo deutso garaikurra. Halanda ze, Cobeagak zuzendutako bost filmetatik lautan parte hartu dau Bareak: No controles (2010), Negociador (2014), Fe de etarras (2017) eta Los aitas (2025). Gainera, Éramos pocos (2005) Oscar sarietarako izentaua izan zan haren film laburreko protagonista be izan zan eta Su majestad (2025) seriean be esku hartu eban aktore bezela.
Ramon Bareak inork ez bezela irudiketan dau gure zinemearen historia. Berrehundik gora ikus-entzunezko lanetan parte hartu dau, eskuzabaltasunez eginez haren ibilbide profesionala, Euskadin errotuta eta mundura edegita. La fuga de Segovia, La Muerte de Mikel, 27 horas, Vacas, La Madre Muerta, Obaba, La comunidad, Blancanieves, La herida, La higuera de los bastardos edo Cinco lobitos lako lanetan ikusi ahal izan dogu.
Gure Zinema Saria
Gure Zinema Sariak helburutzat dau Euskadiko ikus-entzunezko ekosistemea indartzen daben ibilbide profesionalak eta lanak azpimarratzea. Aurreko edizinoetan Ane Gabarain (2024) eta Cinco lobitos (2023) saritu zituen. Hurrengo urteetan be, Euskadiko ikus-entzunezkoaren sektoreko arlo guztietako profesionalen talde-lanak zein banakako ibilbideak nabarmentzen jarraituko dau ekimen horrek.
Gure Zinema plataformea orain hiru urte sortu zan ikus-entzunezkoaren sektoreko eragile guztiek sustatuta. Euskal zinemea indartzeko helburua dau eta ikusleei abantailak eskaintzeko, gure lanez pantaila handian arabere gehiago gozau deien. Gure Zinemearen kide dira Euskadiko produkzino-etxeen alkarteak, EZAE, EiTB eta euskal zinemearen gainerako kideak, jaialdiak, kultura-erakundeak eta alkarteak barruan, esaterako aktoreena eta gidoilariena. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzea be badau proiektuak.
Gure Zinema Klubak 1700 harpidedun baino gehiago batu ditu daborduko. Euskal zinea babesteko eta esperientzia esklusiboez disfrutetako interesa daben lagunei zuzenduta dago kluba, eta parte-hartzaileek aukerea izango dabe filmaketak bisitetako, proiekzino berezietara joateko eta zozketetan esku hartzeko. Produktoreen laguntzeari esker, zozketa horreen irabazleek gertutik ikusi ahal izan dabe azken hilabeteetan Inurri Itsuak, Karmele edo Singular pelikulen filmaketak. Horreezaz gan, Faisaien Irla edo Robotia lako filmen aurkezpenean be izan dira, pelikularen lantaldeko kideekaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!