J. A. Bayona izango da Sail Ofizialeko epaimahaiko buru

Bizkaie! 2025-09-05 13:59   Zinemea

Aurton, 56 herrialdetako 254 film eskainiko dira guztira.

Tabakaleran aurkeztu dabe gaur, hilak 5, Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoa. Aurton, 56 herrialdetako 254 film eskainiko dira guztira. Ekitaldiaren hasieran, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita komunikazino-arduradunak Gazako genozidioari buruzko adierazpena irakurri dabe, irailaren 19tik 27ra bitarte uria bisitauko daben presentzien zerrendea argitu aurretik.

Zinemagile, antzezle, produktore eta gidoigile ugarik berretsi dabe Zinemaldira etorriko dirala. Esther García eta Jennifer Lawrence Donostia Sariez gain, euren filmak aurkeztera bertaratuko dira Donostiara Juliette Binoche, Paul Dano, Harris Dickinson, Matt Dillon, Colin Farrell, Denis Lavant, Maria de Medeiros, Ron Perlman, Renate Reinsve eta Stellan Skarsgard. Era berean, hainbat zinemagile garrantzitsuk euren proposamenak aurkeztuko deutsee ikus-entzuleei eta komunikabideei; horren adibide dira Olivier Assayas, Edward Berger, Arnaud Desplechin, Claire Denis, Hasan Hadi, Lucile Hadzihalilovic, Agnieszka Holland, Richard Linklater, Kleber Mendonça Filho, François Ozon, Jafar Panahi, Raoul Peck, Joachim Trier eta Rebecca Zlotowski.

Presentzia horreetako asko Sail Ofizialagaz lotuta egongo dira, esaterako ondokoak: Edward Berger zuzendaria eta Colin Farrell eta Fala Chen aktoreak (Ballad of a Small Player); Claire Denis zinemagilea eta Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth antzezleak eta Suzanne Lindon gidoigilea (Le Cri des Gardes); Arnaud Desplechin zuzendaria eta Nadia Tereszkiewicz, François Civil eta Hippolyte Girardot aktoreak (Deux pianos); Alice Winocour zuzendaria, Ella Rumpf eta Anyier Anei aktoreak (Couture); Agnieszka Holland zuzendaria (Franz); James Vanderbilt gidoigile eta errealizadorea (Nuremberg); Joachim Lafosse zuzendaria eta Eye Haïdara aktorea (Six jours ce printemps-là); Juliette Binoche aktorea, zuzendari bezela haren lehen lana aurkeztuko deuskuna (In-I in Motion), eta Lesley Manville antzezle britainiarra, Kasia Adamik zuzendariari lagunduko deutsona (Winter of the Crow).

Beste sail batzuek be elikatuko ditue alfonbra gorriak eta topaketak. Denis Lavant aktorea Donostiara etorriko da Värn aurkeztera New Directorsen eta L'etranger, barriz, Perlak sailean, François Ozonekin eta Benjamin Voisinekin batera; bestalde, Harris Dickinson antzezleak eta Alex Russell produktoreak eta gidoilariak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko ditue euren lehen lanak zuzendari bezela, Urchin eta Lurker, hurranez hurran. Perlak sailak ondokoak batuko ditu: Olivier Assayas eta Paul Dano aktorea (Le mage du Kremlin); Hasan Hadi zinemagilea (Mamlaket al-Qasab); Saja Kilani eta Motaz Malhees antzezleak (The Voice of Hind Rajab); Richard Linklater (Nouvelle vague); Jafar Panahi (Un simple accident); Joachim Trier eta horregaz batera, Renata Reinsve eta Stellan Skarsgard aktoreak (Affeksjonverdi); Rebecca Zlotowski (Vie privée), eta Hlynur Pálmason (Ástin sem eftir er ), Zabaltegi-Tabakaleran be filma estreinatuko dauena (Jóhanna af Örk), Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroan erakusketea izateaz gan.

Gainera, munduko soinu-banden konpositore onenetako bi, Alexandre Desplat eta Alberto Iglesias, Zinemaldira joango dira berbaldi batean parte-hartzeko. Alkarrizketa horri buruzko zehetasun gehiago datorren astean emongo dira.

Sarreren salmenta orokorra domekan (hilaren 14an, goizeko 9:00etan) hasiko da. 

Epaimahaikideak

Sail Ofiziala

  • J.A. Bayona, zuzendaria, produktorea eta gidoigilea, Espainia (epaimahaiburua).
  • Laura Carreira, zuzendaria, Portugal.
  • Gia Coppola, zuzendaria, gidoigilea, aktorea eta produktorea, AEB.
  • Zhou Dongyu, aktorea, Txina.
  • Lali Espósito, aktorea eta abeslaria, Argentina.
  • Mark Strong, aktorea, Erresuma Batua.
  • Anne-Dominique Toussaint, produktorea eta aktorea, Frantzia.

Kutxabank-New Directors Sariaren epaimahaia

  • Marco Müller, produktorea eta programatzailea, Italia (epaimahaiburua).
  • Beatriz Arias, zinemagilea, Txile.
  • Isabella Eklöf, zuzendaria eta gidoigilea, Suedia.
  • Charlène Favier, zuzendaria, gidoigilea eta produktorea, Frantzia.
  • Elsa Fernández Santos, zinema-kritikaria, Espainia.

Horizontes Make & Mark Sariaren epaimahaia

  • Pilar Palomero, zuzendaria, Espainia (epaimahaiburua).
  • Christoph Friedel, produktorea, Alemania.
  • Tatiana Leite, produktorea, Brasil.

Zabaltegi-Tabakalera Sariaren epaimahaia

  • Yaël Fogiel, produktorea, Frantzia (epaimahaiburua).
  • Xabier Arakistain, arte-komisarioa, Espainia.
  • Line Langebek Knudsen, gidoigilea, Danimarka.

Nest The Mediapro Studio Sariaren epaimahaia

  • Jonás Trueba, zuzendaria eta produktorea, Espainia (epaimahaiburua).

Culinary Zinema Sariaren epaimahaia

  • Anna Castillo, aktorea, Espainia (epaimahaiburua).
  • Pablo Rivero, sukaldaria, Argentina.
  • Matt Goulding, kazetari gastronomikoa, AEB.

Euskal Zinemaren Irizar Sariaren epaimahaia

  • Ane Gabarain, aktorea (epaimahaiburua).
  • Aia Kruse, aktorea.
  • Urtzi Urkizu, kazetaria.

Eusko Label Sariaren epaimahaia

  • Pedro Subijana, chef (epaimahaiburua).
  • Karmele Pikabea, Euskaber kooperatibako gerentea.
  • Raimundo Ruiz de Escudero, HAZIko zuzendaria.

Loterías Sarien epaimahaia

  • Carmen Machi, aktorea (epaimahaiburua).
  • María Núñez, Loteríaseko komunikazio-arduraduna.
  • José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria.

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren Sariaren epaimahaia

  • Óscar Alonso, banatzailea, Espainia.
  • Carlos A. Gutiérrez, kudeatzaile kulturala, Mexiko.
  • Bárbara Francisco Mendivil, produktorea, Argentina.

Jaialdiari buruzko informazino gehiago gure kanalean irakurri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu