EITBk Zinemaldiari emoten deutson babesa barritu dau

Bizkaie! 2025-09-04 08:00   Zinemea

Euskal zinemearen 38 produkzinoetatik, 25ek EITBren partaidetzea dabe.

EITB eta Donostia Zinemaldiaren arteko babesletzea sendotu eta indartzeko hitzarmena barritu dabe. Tabakaleran egindako ekitaldian, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendaria eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia izan dira. Zinemaldiari babesea eskaintzea ezeze, euskal zinemea sustatu eta indartzea da EITBren helburua.

Aurton, 38 euskal produzinok parte hartuko dabe. Horreetatik 25etan EITBk hartu dau parte; 18 euskeraz dira eta 14, emakume zuzendarien lanak.

Sail Ofizialean euskerazko hiru lan dagoz, hirurak EITBren parte-hartzea dabenak: Maspalomas, Karmele eta Zeru Ahoak.

Euskal Zinemearen Gala Handia ezinbesteko hitzordua izango da euskal eragile guztientzat, irailaren 23an, Victoria Eugenia Antzokian. Aktoreak, zuzendariak, gidoilariak, kamerak eta talde tekniko eta artistikoak batu eta autortzea helburu dauen ekitaldia Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreek aurkeztuko dabe. Bertan, EITBren Egile Berriak Saria jasoko dau Sara Fantovak.

Euskal Zinemearen Galan, era berean, ondoko lau sari honeek banatuko dira: GIDOI + SGAE Euskal Herriko Gidoigile Onenaren Saria Borja Cobeagak jasoko dau, Los aitas filmaren gidoiarengaitik; EAB Bultzada Saria, interpretazino lana autortzeko eta sustatzeko saria, Miren Gaztañagarentzat izango da; EZAE Saria Arantxa Etxebarriaren La infiltrada filmak eskuratuko dau, Euskadin arrakastatsuena izan dan euskal produkzinoko filma izateagaitik; eta, Zinemira Saria Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek jasoko dabe. Zinemaldiak eta EPE-IBAIAk (Ikus-entzunezkoen Euskal Produktore Independenteen Alkartea) urtero emoten dabe saria, euskal zinemearen nortasun garrantzitsu baten ibilbidea autortzeko.

Horrezaz gan, edizino honetako EITB Galak aurrestreinaldi handi bat eta musika zuzenean dakar, irailaren 21ean, Belodromoan. Ikus-entzunezko esperientzia parebakoa izango da Gipuzkoa Heganen estreinaldia: pantaila erraldoian proiektautako da, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean ibiliko diran Nafarroako Orkestrea Sinfonikoaren eta Goikobalu Abesbatzaren zuzeneko musikak girotuta. Olatz Salvador be zuzenean ibiliko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu