'Ainda estou aqui' filma da Fipresci sariaren irabazlea

Bizkaie! 2025-09-02 13:10   Zinemea

Walter Salles zuzendariak inaugurazino-galan jasoko dau saria.

Walter Sallesek zuzendutako Ainda estou aqui filmak Fipresci Sari Nagusia irabazi dau, aurton ehungarren urteurrena betetzen dauen Fipresci Zinema Kritikearien Nazinoarteko Federazinoko kideek 2025eko film onena izentau ondoren. Bozketan, 75 herrialdetako 739 kritikarik hartu dabe parte.

Walter Salles zuzendariak jasoko dau saria, Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoaren inaugurazino-galan, irailaren 19an. Egun horretan bertan filmearen proiekzinoa programauko da.

Beste lau finalistak ondoko honeek izan dira: Brady Corbeten The Brutalist; Oliver Laxeren Sirāt; Kleber Mendonça Filhoren O agente secreto; eta, Ryan Cooglerren Sinners.

Ainda estou aqui 2024ko Veneziako Mostran estreinau zan, gidoi onenaren saria eskuratuz. Horrezaz gan, autortza ugari jaso ditu, besteak beste: nazinoarteko film onenaren Oscar Saria eta Iberoamerikako film onenaren Goya Saria.

Venezian izan ondoren, Walter Sallesek berak aurkeztu eban filma Perlak sailean eta, holan, Donostian seigarren aldiz parte hartu eban Terra Estrangeira (1995) haren lehen lana Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean hautatu ebenetik.

Ainda estou aqui, Videofilmes eta RT Features (Brasil) eta Mact Productions (Frantzia) produkzino-etxeek produziduta eta Goodfellas taldeak banatua nazinoartean, zezeilean estreinau zan Espainian Vértigo Filmsen eskutik.

1999an sortu zanetik, goi-mailako zinemagileen filmek jaso dabe Fipresci Sari Nagusia, esaterako ondokoek: Maren Ade, Pedro Almódovar, Paul Thomas Anderson, Alfonso Cuarón, Jean-Luc Godard, Ryusuke Hamaguchi, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, Yorgos Lanthimos, Richard Linklater, Terrence Malick, George Miller, Jafar Panahi eta Chloé Zhao.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu