'Tonari no Totoro' Belodromoan proiektauko dabe
2025-09-02 12:26 ZinemeaIkastetxeak Belodromoan ekimenaren barruan.

6-11 urteko milaka umeek aukerea izango dabe Tonari no Totoro (Hayao Miyazaki, 1988) filmearen proiekzinoaz disfrutetako Belodromoan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren barruan. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak alkarrekaz atonduta, basoko misterioetan sartuko dira, bertoko biztanleek osotzen daben ekosistema liluragarria ezagutarazoteko ikasle gazteei, naturan oreka ekologikoa eta biodibersidadea babestea zein garrantzitsua dan nabarmenduz.
Filma euskarera bikoiztuta emongo da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskerazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituen personentzat. Pelikulak landa-etxe batera joan eta izaki magikoak (esaterako Totoro, itxaropena berreskuretan lagunduko deutsen basoko izpiritua) topauko dituen neska bien arteko hartu-emonak kontetan deusku.
Ekimeneko konbidadua, Nahia Gartzia Bengoetxea biologo ondarrutarra izango da, Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko Baso Zientzien departamendukoa. Eguneroko lanean, baso-lurzoruak eta horreek giza jarduerekaz eta ingurunagaz daben loturea analizetan ditu, jasangarritasunerako eta klima-aldaketarekiko erresilientziarako baso-praktika barriak sortzea izanik azken helburua. Biologian lizentziaduna eta Zientzietan doktorea UPV/EHUn, doktore-tesiaren zati bat Hohenheimgo Unibersidadean egin eban.
Ikastetxeak Belodromoan jardueraren kartela basoko misterioei eta naturak bizten dauen harridureari egindako autortzea da. Malen Pazos ilustratzaile mutrikuarrak sortu dau.
Donostia Zinemaldian programetan diran eskola-zinemako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzea dabe. Donostia. Zinema Hiria, Zientzia Hiria, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joango dira Belodromoko sei saioetara, goizez, irailaren 19an (barikua) eta 22tik (barikua) 26ra (astelehena).
Umeentzako zinemea
Bestalde, Donostia Zinemaldiak familientzako animazinoko sei lan aurkeztuko ditu 73. edizinoan. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren zapatuan Umeentzako Zinema saileko proiekzinoak izango dira Principe zinema-aretoetan. Horreek guztiak euskerara bikoiztuta ikusi ahalko dira, Zineuskadiren lankidetzeari esker, Zinemea Euskeraz programearen esparruan. Sarrerak 2 euroko prezioan eskuratu ahalko dira hemen.
- Programazinoa:
- Super Elfkinak (Ute von Münchwo-Pohl).
- Barrakudaren altxorra (Adria Garcia).
- Flow (Gints Zilbalodis).
- Kaixo, Frida! (Karine Vézina eta André Kadi).
- Heidi, katamotzaren erreskatea (Tobias Schwarzek eta Aizea Roca).
- Sari nagusia ziztu bizian (Waldemar Fast).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!