Daniel Hendlerren '27 noches' filmak emongo deutso hasierea Sail Ofizialari

Bizkaie! 2025-09-01 12:36   Zinemea

Bihar jarriko dira salgai inaugurazino-galarako sarrerak.

'27 noches' Daniel Hendler. | Ikusi handiago | Argazki originala

Daniel Hendler zinemagile uruguaiarraren 27 noches filmearen mundu-estreinaldiak irailaren 19an inaugurauko dau, lehian, Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoko Sail Ofiziala. Lehiaz kanpo emongo deutso amaierea, barriz, Kasia Adamik zuzendari poloniarraren Winter of the Crow pelikulak hilaren 27an. Gainera, Silvia Abrilek, Toni Acostak eta Itziar Ituñok aurkeztuko dabe inaugurazino-ekitaldia.

Galetarako eta Belodromoko sarreren salmenta

Bihar, hilak 2, jarriko dira salgai inaugurazino-galarako (Esther García produktoreari Donostia Saria emongo jako), amaierako galarako eta Jennifer Lawrence aktore estatubatuarra Ohorezko Donostia Sariagaz autortzeko ekitaldirako (irailaren 26an) sarrerak. Hiru saioak Kursaal Auditoriumean izango dira, eta Belodromoan, barriz, amaierako ekitaldiaren film luze biren proiekzinoak egingo dira irailaren 27an.

Bigarren urtez jarraian, Donostia Zinemaldiko galak El Terratek (The Mediapro Studio) idatzi eta zuzenduko ditu. Silvia Abrilek, Toni Acostak eta Itziar Ituñok irailaren 19ko inaugurazino-ekitaldia aurkeztuko dabe 20:30ean. Esther Garcíak Donostia Saria jasoko dau eta Fipresci Sari Nagusia be emongo da. Epaimahai Ofiziala Daniel Hendlerren 27 noches baino lehen aurkeztuko da. Gala zuzenean emongo dabe TVE, RTVE play, ETB1 eta eitb.eus plataformek eta Zinemaldiaren webguneak.

Irailaren 27an (zapatua), 21:00etan, Itsaso Aranak aurkeztutako amaierako ekitaldia ikusgai egongo da bide horreetatik. Ekitaldi horretan 73. edizinoko sariak banatu eta Winter of the Crow emongo da.

Gainera, betiko lez, Belodromoak amaierako ekitaldiaren zuzeneko proiekzino be hartuko dau. Horren aurretik, 18:00etan, film sorpresea emongo da.

Bestalde, Jennifer Lawrenceri Donostia Saria emoteko ekitaldia irailaren 26an izango da (barikua), 18:00etan, Kursaalen. ETB4n eta eitb.eusen zuzenean emongo da eta La 2 katean, barriz, diferituan. Donostia Sariaren proiekzinoa Lynne Ramsayren Die My Love filma izango da.

Saio horreetarako guztietarako sarrerak bihar (irailaren 2a) jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan. Kursaaleko inaugurazino-galarako eta amaierako ekitaldietarako txartelek 80 euroko prezioa dabe gune orokorretan eta 95 eurokoa, barriz, B. gunean. Bestalde, Donostia Saria emoteko sarreren kostua 50 eurokoa da gune orokorretan eta 55 eurokoa, barriz, B. gunean. Belodromoko sarrerak 15 euro balio dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu