'Morte cucina' filmak emongo deutso hasierea Culinary Zinemeari

Bizkaie! 2025-08-27 13:00   Zinemea

Culinary Zinema Saria eskuratzeko lehiatuko da.

Pen-Ek Ratanaruang zuzendari thailandiar sarituaren thriller batek; New Yorken jatetxe vietnamdar bat edegiteko amesa dauen Texasko sukaldari bati buruzko produkzino frantziar batek; eta, Joan Roca, Javier Urondo eta Tetsuro Maeda chefen inguruko fikzino banak osotzen dabe Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoko Culinary Zinema saileko menua. Bost filmak Culinary Zinema Saria eskuratzeko lehiatuko dira (10.000).

Culinary Zinema saila, proiekzinoekaz lotutako lau afari tematiko be hartuko ditu. Tabakaleran LABe Digital Gastronomy LABe laborategian Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek aurkeztu dabe saila.

Filmak

  • Morte cucina (Pen-Ek Ratanaruang).
  • Uno de los nuestros. El legado de Joan Roca visto por 70 estrellas Michelin (Jorge Fernandez Mayoral eta Virginia Jönas Urigüene).
  • Tetsu, Txispa, Hoshi (Jon Arregui Larrazabal).
  • Mam (Nan Feix).
  • Jota Urondo, un cocinero impertinente (Mariana Erijimovich).

Kataluniako Generalidadeko Turismo Agentzia Katalanak Culinary Zinema atala babesten dau, Katalunia, Gastronomiaren Munduko Lurraldea 2025 sariari ikusgarritasuna emonez eta sukaldaritza katalanaren bikaintasuna mundu mailan aurkezten dauen kanpainea sustatuz.

Afari tematikoak

Lau afari tematiko egingo dira irailaren 23tik 26ra Basque Culinary Centerren. Culinary Zinema ohiko formatuan egingo da: hamar jankide mahai bakotxean, esperientzia aberasteko alkarrizketak sustatzeko. Basque Culinary Centerreko irakasleek eta ikasleek afari guztietan parte hartuko dabe.

Sarrerak (proiekzinoak eta afariak) datorren barikuan (abuztuaren 29an) jarriko dira salgai, 10:00etan sansebastianfestival.janto.es eta tickets.kutxabank.es webguneen bidez (85 euro). Mam pelikulak ez dau afaririk izango.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu