'Zeru ahoak' telesailaren trailerra ikusgai

Bizkaie! 2025-08-27 08:12   Zinemea

Ikusi hemen.

Daborduko ikusgai dago Zeru ahoak lau ataleko serie noir laburraren lehen aurrerapena. Bertan, Nagore Aranburu (Hondar Ahoak, Querer), Josean Bengoetxea (Hondar Ahoak, Balenciaga), Sara Cozar (Hondar Ahoak, 20.000 especies de abejas), Ramon Agirre (Handia, Amour) eta Miren Gaztañaga (Los últimos románticos, Ane) aktore eskarmentudunak eta Nerea Sanz, Unai Baiges, Nerea Elizalde, Itsaso Gil eta Amets Arbelegui lako talentu barrien parte-hartzea izango dogu.

Koldo Almandozek (Oreina, Sipo phantasma, Ahate pasa, Dinosaurioak) zuzendu dau Harkaitz Canogaz batera idatzitako lana, Hondar ahoak telesailaren jarraipena, eta Nagore Aranburu da protagonista, Nerea Garciaren azalean. Zuzendariaren eretxiz, 'Zeru Ahoak', berezko nortasuna eta estetikea dituan lau kapituluko miniserie noirra da. Genero baltzaren maitale lez, beti ulertu izan dot ikusleak, alde batetik, generoak berezkoak dituan espektatibak betetea bilatzen dauela eta, bestetik, beste lan batzuetatik dauen zeozer barri eta originala eskaintzea. Serie honegaz hori egin gura izan dot.

Filmako trameak lehen minututik heldu eta ez zaitu amaierara arte askatzen. Bestalde, personaiak eta euren artean saretzen diran hartu-emonak dira nagusi. Personaiek, jazoeren aurrean aukeratu beharko dabe eta horreen ondorioak onartu beharko ditue. Hori guztia Euskal Herriko ohiko postaletik oso urrun dagoan testuinguruan. Kapituluek aurrera egin ahala eta geruzetan sakontzean, istorioa zikinagoa eta maila moralean zalantzazkoagoa bihurtzen da.

EITBren parte-hartzea dauen obrea, Donostiako Zinemaldiaren 73. edizinoko Sail Ofizialean ikusiko da irailean, Emanaldi Bereziak sailean, eta hilabete horren amaieran ikusi ahalko da EITBn. Produkzinoan, Txintxua films eta Garabi films etxeek parte hartu dabe, EITB eta RTVEren partaidetzeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu