'La misteriosa mirada del flamenco' filmak irabazi dau Sebastiane Latino Saria

Bizkaie! 2025-08-25 13:24   Zinemea

Diego Céspedes txiletarrak zuzendua.

'La misteriosa mirada del flamenco' (Diego Céspedes). | Ikusi handiago | Argazki originala

La misteriosa mirada del flamenco film luzeak (Diego Céspedes zinemagile txiletarraren lehen lanak, Horizontes Latinos sailari amaierea emongo deutsonak), irabazi dau Gehituk (Euskal Herriko lesbiana, Gay transexual eta bisexualen alkarteak) emoten dauen Sebastiane Latino Saria.

LGBTIQA+ komunidadearen aldarrikapen eta balioen defentsa hobekien irudiketan dauen film luze latinoamerikarrari emoten jako saria. Céspedesen filma beste lau finalistei gailendu jake: Ato noturno (Marcio Reolón eta Filipe Matzembacher), Los inocentes (Germán Tejada), Llueve sobre Babel (Gala del Sol) eta Un mundo para mí (Alejandro Zuno).

Proiektu-fasean egoala, La misteriosa mirada del flamencok Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu eban 2020an, postprodukzinoaren saria lortuz. Aurton, Cannesko Un Certain Regard Saria irabazi ondoren, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailari amaiera emongo deutso. Diego Céspedesek Nest saria irabazi eban El verano del león eléctrico (2018) haren lehen film laburragaz, eta, bigarrenagaz, Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022), Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Zabaltegi-Tabakalera inaugurau eban.

Betiko lez, igaz Sebastiane Latino Saria irabazi eban filma Gipuzkoako hainbat herritan emongo da Donostiako Zinemaldiaren lehen asteburuan, Gehituk Mugen Gainetik entidadeagaz eta eLankidetza, Lankidetzarako eta Alkartasunerako Euskal Agentziagaz egindako lankidetzeari esker. Holan, Marcelo Caetano zuzendari brasildarra Baby filmearen proiekzinoetan izango da Errenterian irailaren 18an, Irunen irailaren 19an eta Deban irailaren 21ean.

Sebastiane Saria

Donostia Zinemaldiak Sebastiane Sariaren galea hartuko dau, Gehituk Donostia Zinemaldiko edozein sailetako filmen artean LGBTIQA+ personen balioak edo errealidadeak hobekien islatzen dituan filmeari egiten deutson autortza bezela.
 
Sariaren hogeita seigarren edizinoan hamahiru film hautagai dagoz: bat Sail Ofizialean (Maspalomas); beste bat New Directorsen (Chuzhie Zemli); Horizontes Latinosen bi (La misteriosa mirada del flamenco eta Dolores); lau Zabaltegi-Tabakaleran (Duas vezes João liberada, El último arrebato, Estrany Riu eta Lurker), eta bost Made in Spainen (¡Caigan las rosas blancas!, L’edat imminent, Miss Carbón, Molt Lluny eta Un hombre libre). 

Epaimahaia Gehituko ordezkariez, zinemagile batez eta Samantha Hudson abeslari, gidoigile, aktore eta artistaz osotuta egongo da. Film irabazlea Sebastiane Sariaren amaierako ekitaldian eta sari-banaketan iragarriko da Bidassoa Taproom Aretoan irailaren 26an (barikua), 19:00etan.

LGBTIQA+ Jaialdien hamaikagarren topaketea

Bestalde, LGBTIQA+ zinema latinoamerikarra babesten jarraitzeko, Gehituk eta Zinemaldiak LGBTIQA+ Zinema Jaialdi Iberoamerikarren Topaketea atondu dabe, Lankidetzarako eta Alkartasunerako Euskal Agentziaren (Mugen Gainetik bidez) eta Espainiako Bardintasun Ministerioaren eta Acción Cultural Española (AC/E) entidadearen laguntzeagaz.

Horrezaz gan, LGBTIQA+ Jaialdien Erronkei buruzko topaketearen osoko bilkurea egingo da, Retos de los Festivales LGBTIQA+ en 2025: ¿camino de la sostenibilidad y la inseguridad jurídica? izenekoa. Ondoko honeen kolaborazinoa izango dau bilkureak: Julio del Valle, LGTBI Personen Bardintasun Erreal eta Efektiborako zuzendari nagusia (Espainiako Bardintasun Ministerioa); Camilo Vázquez Bello, ICAAko zuzendariordea (Kultura Ministerioa); María José Pérez (Ecometraje), eta Virginia Yagüe, DAMAko presidentea (Ikus-entzunezko Bitartekoen Egile Eskubideak).

Alkarrizketa eta gogoeta errazteko topaketen esparruan atondutako beste jarduera batzuk ondoko honeek izango dira: Giza Eskubideen eta LGBTIQA+ jaialdien arteko hartu-emonari buruzko berbaldia, Josemi Beltrán Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko zuzendariaren eskutik; eta, Festivales diversos y seguros: gestionar el espacio, las representaciones corporales y lo intersex izeneko tailerra, Asmi Ananda Molinagaz (Gehitu eta Kaleidos, Aniztasunaren aldeko Intersex Erakundea) eta Elena Crimental eta Jorge Gonzalo Alonsogaz (ODA, Ikus-entzunezko Aniztasunaren Behatokia). Era berean, LGBTIQA+ jaialdi iberoamerikarretan 2029rako abiarazo beharreko jasangarritasun-estrategiei buruz eztabaidatuko da topaketearen osoko bilkuran, zinematografian espezializautako jasangarritasun-aholkulari bikaz: Lorena Elso (Ecometraje) eta Paloma Andrés Urrutia (Mrs. Greenfilm).

Era berean, nazinoarteko Meeting LGBTIQA+ bat egingo da, lehen aldiz Gipuzkoako Argazkilari Alkarteagaz alkarlanean, Pasealeku Barrian. Ni Naiz Naizena: pertsona trans eta ez-binarioei buruzko testigantzak erakusketea inauguratzeaz gan, industriako profesionalen eta sortzaileen happeninga egingo da.

Gehituko Magazine aldizkariaren iraileko alea LGBTIQA+ zinemeari eskainiko jako. Aurton, Ruben G. Caballero Robin Campilloren 120 battements par minute filmean inspirau da Sebastiane Sariaren karteleko irudirako. Holan, GIBaren inguruko aktibismoari eta Sylvia Riveraren eta Marsha P. Johnsonen irudi ikonikoei autortzea egiten deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu