'Go!azen' telesaileko proiekzino bi hartuko ditu Belodromoak
2025-08-19 08:24 ZinemeaSarrerak, gaur, hilak 19, jarriko dira salgai.

Gaur, abuztuak 19, 10:00etan jarriko dira salgai Donostia Zinemaldiaren 73. edizino honetan Belodromoan egingo diran proiekzinoetarako sarrerak. Programazinoak Go!azen telesailaren hamabigarren denporaldiko lehen atalaren proiekzino bi hartuko ditu, Rondallas (Daniel Sánchez Arévaloren filma) eta Hasta que me quede sin voz (Leiva musikariari buruzko ez-fikzinoa) estreinatzeaz gainera. Era berean, auditoriumak itxiera galea be hartuko dau, EITB Gala, Kontzertua & Proiekzinoa eta baita Ikastetxeak Belodromoan jarduerea be.
Sarrera bakotxak 8,75 euro balio dau eta gaurtik aurrera erosi ahalko dira Zinemaldiaren webgunearen bidez eta Kutxabanken webgunearen medioz be. Proiekzino bakotxeko lau sarrera baino ezin dira erosi, eta erosketa bakarrean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, % 25eko deskontua aplikauko da.
Proiekzinoak
- Irailak 23: Rondallas (Daniel Sanchez Arevalo).
- Irailak 24 eta 26: Go!azen (Itziar Gomez Sarasola).
- Irailak 25: Hasta que me quede sin voz (Maria Fornies eta Lucas Nolla).
EITB galarako eta Kontzertua & Proiekzinoa ekimenerako konbitak
EITB Galea Belodromoan egingo da lehen aldiz. Bertan, datorren udagoienean ETB1en emoten hasiko dan Euskal Herria Hegan programearen lehen atala estreinauko da, Gipuzkoa hegan izenekoa, eta Olatz Salvadorren, Goikobalu abesbatzearen eta Fernando Velázquez konpositoreak zuzendutako Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren funzinoagaz batera emongo da. Gipuzkoa hegan –Javi Gutierrezek (Bilbo, 1965) eta Lorea Perez de Albenizek (Elgoibar, 1974) zuzendua–, lurraldearen sekretuak adierazoko ditu aireko bidaia baten bitartez. Proiekzinoa domekan izango da (hilaren 21a), arratsaldeko 18:00etan.
Era berean, Belodromoak Euskadiko Orkestreagaz eta SGAE Fundazinoagaz batera atondutako Kontzertua & Proiekzinoa hartuko dau, irailaren 20an (zapatua), 18:00etan. Sarrerea doban izango da, baino konbita beharrezkoa da (irailaren 13tik 19ra egongo da eskuragarri Donostia Zinemaldiak Kursaalen prestautako informazinogunean, baita Donostiako Boulevardeko turismo-bulegoan eta Belodromoan kontzertuaren egun berean be). EITB Galearen kasuan, konbitak Zinemaldiaren webgunean eskuratu ahalko dira, baita Kutxabanken webgunean be.
Ikastetxeak Belodromoan ekimena be belodromoan izango da. 6 eta 11 urte bitarteko milaka umeei zinemea eta zientzia lotzen dituan pelikula baten proiekzinoaz disfrutetako aukerea emoten deutse. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera atondutako saio horreen jomugea lurraldeko ikastetxeetako ikasleei zientziaren irudi positiboa emotea da. Betiko lez, Zinemaldiaren azken egunean (irailak 27) Belodromoak itxierea galearen zuzeneko proiekzinoa hartuko dau. Era berean, Sail Ofizialari amaierea emongo deutson filmea eta laster iragarriko dan beste pelikula bat be proiektauko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!