Nazinoarteko 15 film Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan

Bizkaie! 2025-08-12 09:03   Zinemea

Filmak, irailaren 22tik 24ra proiektauko dira.

María Astrauskas, Laura Baumeister, Alvaro Brechner, Maitane Carballo Alonso, Ana Endara, Ignacio Juricic, Madiano Marcheti, Andrés Martínez Pulido, Diego Martínez Ulanosky, Alejandra Moffat, Valeria Pivato, Francisco Rodríguez Teare, Pablo Stoll, Roxana Stroe eta Jacques Toulemonde egileen proiektuak hautatu dira Donostia Zinemaldiaren hamalaugarren Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan, izena emon daben 268 lanen artean. Aurtongo edizinoa irailaren 22tik 24ra egingo da, eta ordezkariek proiektuen barri emango deutse balizko bazkideei.

Proposamenetako hamaika zinemagileen lehen edo bigarren filmak izango dira. Euren lehen film luzeak aurkeztuko ditue ondoko honeek: Maitane Carballo Alonsok La boa y el bambú; Alejandra Moffat idazle eta gidoigileak El atletismo y el amor; produktore eta gidoigile be dan Diego Martínez Ulanoskyk No es un río; Francisco Rodríguez Teare artista bisualak No me dejen morir solo; eta María Astrauskas muntatzaileak, barriz, Patrimonio aurkeztuko dau. Era beran, Roxana Stroek Houses are Silent haren lehen luzemetraiaren proiektua aurkeztuko dau.

Zinemaldian hasitako zuzendarien bigarren lanen proiektuak be ezagutu ahalko dira: Elogio del crimen (Andrés Martínez Pulido); Lo que sigue es mi muerte (Laura Baumeister); Mãe do Ouro (Madiano Marchetir); Pacto Sublime (Ignacio Juricic); eta Victoria en las nubes (Ana Endara).

Zinemaldian izango dira, barriro be, estimautako hainbat egile, esaterako, ondoko honeek: Valeria Pivato (La ilusión de un paraíso); Alvaro Brechner (La piel del león); eta Pablo Stoll (Papá no es Punk). Jacques Toulemonde gidoigile eta zinema eta telebista-zuzendariaren Hijas del agua filmak osotzen dau hautaketea. 

2012tik, Foroak 215 proiektu hautatu ditu, eta horreetako 106 osotu eta estreinau dira Cannes, Berlin, Venezia, Sundance, Locarno, Donostia lako jaialdietan. Horan, Iván Funden El mensaje filmak Epaimahaiaren Zidarrezko Hartza irabazi eban 2025eko Berlinalen; Daniel Hendlerren Un cabo sueltok Mostrako Venezia Spotlight sailean hautatua izan da aurton; Laura Casabéren La virgen de la Tosquera Sundanceko World Cinema Dramatic Competition sailean lehiatu zan; eta, 2024an Mariana Rondónen Zafarik Horizontes Latinos sailean parte hartu eban, baita Celina Murgaren El aroma del pasto recién cortado lanak be, Tribecako jaialdian gidoi onenaren saria irabazi ondoren.

Sariak

Proiektu onenaren saria: 10.000 euro.

DALE saria! (Europa-Latinoamerika Garapena), EFADek (Europako Zinema Agentzien zuzendariak) eta CAACIk (Iberoamerikako Ikus-entzunezko eta Zinematografiako Agintarien Konferentzia) eskainia, proiektu irabazlearen produkzino-etxeari: 10.000 euro.

ArteKino International Award saria, Artek eskainia, proiektu irabazlearen produkzino-etxeari: 6.000 euro.

Casa Wabi Fundazinoaren eta Escineren Casa Wabi-Escine Saria, Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroko edo Ikusmira Barriak ataleko proiektu baten zuzendariari: Puerto Escondidoko (Mexiko) Casa Wabi bungalowetako batean bost asteko egonaldi bat, joan-etorriko bidaia eta inguruko komunidadeekaz kultura-trukerako proiektua egiteko konpromisoa.

Ekimena ondoko honeei esker egin daiteke: Eusko Jaurlaritzearen Industria, Trantsizino Energetiko eta Jasangarritasun Saila, Europa Creativa MEDIA eta CAACI (Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konferentzia), EFAD (Europako Zinema Agentzien Elkartea), Arte, Producers Network (Marché du Film-Canneseko zinema-jaialdia), Ventana Sur eta LatAm Cinema.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu