RTVEk lau gala egingo ditu Donostia Zinemaldian
2025-08-08 12:20 ZinemeaEra berean, sei film aurkeztuko ditu.

RTVEk, Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoan lau estreinaldi-gala egingo ditu; izan be, Zinemaldiaren babesle ofiziala da RTVE. Estreinaldiz betetako astea izango da, Parecido a un asesinato, Ya no quedan junglas, La cena eta La tregua filmen jentaurreko aurkezpenekaz eta gure zinemaren izan handien presentziagaz. Zinemaldia irailaren 19tik 27ra bitartean egingo da eta RTVEk sei film aurkeztuko dira bertan (horreetako bi, Sail Ofizialean), RTVE Play plataformako Zeru ahoak (EITBgaz batera produzidutakoa) estreinatzeaz gainera.
Galak
Antonio Hernándezek Parecido a un asesinato thriller psikologikoa aurkeztuko dau. Blanca Suárez, Eduardo Noriega, Tamar Novas eta Claudia Mora gazte hasibarria ditu protagonista, eta iragan ilun baten ondoren bizitza berregiteko burrukan ibiliko dan emakume bati buruzkoa da. Ez jako hain erraza izango. Aktore-zerrendea osotzen dabe Joaquín Climent, Marián Álvarez eta Raúl Prieto antzezleek.
Ya no quedan junglas lana Luis Gabriel Beristáin zinemagile mexikarrak zuzendu dau, eta nazinoarteko aktore-zerrendea dau, Ron Perlman aktore iparramerikarra izanik protagonista, Megan Montaner, Hovik Keuchkerian eta Karra Elejalde antzezleekaz batera. Istorioak hiru ardatz ditu, maitasuna, indarkeria eta mendekua.
Manuel Gómez Pereiraren La cena komedia filma da, pantailan inoiz ikusi ez dan gerraosteko unea irudiketan dauena. Mario Casas eta Alberto San Juan dira protagonistak, Asier Etxeandia, Nora Hernández, Óscar Lasarte, Martín Páez, Elvira Mínguez, Carlos Serrano, Carmen Balagué, Eva Ugarte eta Antonio Resines aktoreekaz batera, besteak beste.
La tregua, Espainiaren eta Kazakhstanen arteko lehen koprodukzinoa, Miguel Ángel Vivas Morenoren drama belikoa da, Miguel Herrán eta Arón Piper dituena protagonista Javier Pereira, Fernando Valdivieso, Alejandro Jato, José Pastor, Manel Llunel, Federico Pérez Rey, Sergey Ufimtsev eta Dina Tasbulatova aktoreekaz batera.
RTVEren film bi ibiliko dira lehian Urrezko Maskorra lortzeko
RTVEk Donostian izango dauen presentzia osotzeko, sei film aurkeztuko dira, lehiaketaren hainbat sailetan: horreetako bi, lehian Sail Ofizialean (Maspalomas eta Historias del buen valle); beste bat, lehiaz kanpo, Sail Ofizialeko Emonaldi Berezietan (Karmele) eta bat New Directors sailean (Aro berria); beste bat Perlak sailean (Ciudad sin sueño); eta azkenekoa Belodromoan (Rondallas).
RTVE Play plataforman Zeru ahoak estreinauko da
Donostian, gainera, RTVE Play telesaila aurkeztuko da, Zeru ahoak, RTVEk eta EITBk batera produziduta. Koldo Almandozen thriller horrek lau atal ditu, eta Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga, Ramon Agirre eta Sara Cozar dira protagonistak. Sail Ofizialeko Emonaldi Berezietan estreinauko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!