Lillian Hellman gidoilariari eskainitako atzerabegirakoak 16 film batuko ditu

Bizkaie! 2025-08-07 13:00   Zinemea

María Adell, Hanna McGill eta Nuria Vidal Lillian Hellman. Ficción, memoria y compromiso liburua argitaratuko dabe.

Guztira, 1935etik 1999ra bitartean estreinautako 16 film luzek osotuko dabe Lillian Hellman gidoilari estatubatuarrari eskainitako Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoko atzerabegirakoa. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak atondu dabe zikloa Filmoteca Españolagaz alkarlanean, eta Lillian Hellman. Ficción, memoria y compromiso liburu monografikoa argitaratuko dabe. Egileak Maria Adell, Hannah McGill eta Nuria Vidal dira eta editore lanak Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak egin ditu.

Liburua gaztelaniaz eta ingelesez argitaratuko da, eta Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak sustatutako bildumearen laugarrena da, Claude Sautet, Hiroshi Teshigahara eta Italiako polizia-zinemeari eskainitakoen ondoren. Beste hainbeste egilek idatzitako hiru kapitulu autonomotan banatuta dago lana eta Hellmanen zinema-jarduera nabarmenean jartzen dau arretea. Halanda be, ondoko gai honeek be jorratzen ditu: antzezlanaren analisia, memoria-liburu polemikoak, errealidadearen irudikapena, obra gehienaren substratu politikoa eta McCarthyren sorgin-ehizearen garaian egileak izan eban posizinonamendua.

Lillian Hellman (1905-1984) urte luzez izan da erabateko misterioa. Garai gatxak bizi izan zituan estatubatuar antzerkigile, eleberrigile eta gidoigileak, esaterako: Depresino Handia edo macarthismoaren sorgin-ehizea. Halanda ze, gertakari horreek protagonismo handia dauke haren obrean. Horregaitik, Donostia Zinemaldiak haren lana gogorarazo nahi dau atzerabegirako horren bidez eta Hellmanen obra zinematografiko guztia eskaini, izan be, funtsezkoa da Hollywooden izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko.

Filmak

  • The dark angel (Sidney Franklin).
  • These three (William Wyler).
  • Dead end (William Wyler). 
  • The spanish earth (Joris Mens).
  • The cowboy and the lady (H. C. Potter).
  • The westerner (William Wyler). 
  • The little foxes (William Wyler).
  • The north star (Lewis Milestone). 
  • Watch on the rhine (Herman Shumlin).
  • The searching wind (William Dieterle). 
  • Another part of the forest (Michael Gordon). 
  • The children's hour (William Wyler).
  • Toys in the attic (Geroge Roy Hill). 
  • The chase (Arthun Penn).

Zinema klasikoari eskainitako jaialdia

2024az geroztik, Donostia Zinemaldiaren atzerabegirakoa Klasikoak programearen barruan kokatuta dago. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak sustatzen dabe. Programeak hiru ziklo batzen ditu: atzerabegirakoaren filmak, irailean Zinemaldian proiektetan diran Klasikoak sailaren lanak eta Filmategiak urteko azken hiruhilekoan programetan dauen zikloa.

Klasikoak programeak Donostia Zinemaldiaren tradizino historikoari jarraitzen deutso. Lehenengo atzerabegirakoa, 1959. urtean izan zan, René Clair zinemagileari eskainitakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu