Gustu eta edade tarte guztientzako Aste Nagusia atondu dabe konparsek

Bizkaie! 2025-08-04 12:38   Kulturea

600 jarduera baino gehiago izango dira.

Bilboko Konparsen Federazinoak 2025eko Aste Nagusirako prestau dauen egitaraua aurkeztu dau, Arriaga Plazan egindako agerraldian. Aurton, 600 jarduera baino gehiago prestau ditue konparsen, Federazinoaren eta Jai Batzorde Mistoaren artean, gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz disfrutetako.

Hamabi egun falta dira Marijaia Arriaga antzokiko balkoian barriro be agurtzeko eta Federazinoak programazino liburuxkearen 15.000 kopia inprimau ditu bilbotarren artean banatzeko. Bertan jasoko dira, esaterako, umeentzako jarduerak, arte eta sukaldaritza tailerrak, puzgarriak, txotxongilo eta pailazoak, goitibera eta txosnak eregiteko tailerrak.

Gazteen artean kirola eta kulturea sustatzeko, aurreko bizpahiru urteetan nobedade arrakastatsu izan diran skate eta rap tailerrak errepikau ditue; azken hori, rapero eta bertsolariekaz batera. Arriaga Plazan izango dira, baita txalaparta tailer eta kontzertua be.

Kirola be izango da jai asteko protagonista nagusietako bat. Kirolari eta kirolzale amorratuek, uretan, aldapan, plazan eta txosnetan gorputza eta garuna astindu ahal izateko hainbat ekintza prestau ditue: xake lehiaketea, swing dantza tailerrak, goitiberak, piraguak, konparsen arteko ur jolasak, waterpolo, rubik lehiaketea, igel-toka… Hiri Krosa barikuan izango da eta ume zein helduentzako saskibaloia, eguaztenean; baina azken horrek, aurton, lekua aldatuko dau, izan be, Arriaga Plazan izango da.

Kirola hain gustuko ez dabenek be txosnetan gorputza mobiduteko aukerea izango dabe. Programazino musikalak ia 250 kontzertu batu ditu, horreen artean, Naxker, Ksus Belly, Chulería Joder, Ezpalak, Ziztada & Erlantz, Kaparrak eta Bengo. Horrezaz gan, musika estilo eta giro anitzeko DJak be egongo dira txosnetan, konparsek eta guneek atonduta.

Urtero lez, lehiaketa gastronomikoa egunero egingo dabe Arenalean. Munduko platera, aurton, arroza izango da, eta lehen domekan lehiatuko da, 17an. Bigarren domekan, barriz, buztan gisatu lehiaketa izango da.

Ekintza guztiak aitatutako liburuxkan batu ditue. Dana dala, igaz martxan jarritako web aplikazinoan be izango dira ekintza guztiak. Holan, programazino osoa sakelakoan eroan ahal izango da, beste kontu garrantzitsu batzuekaz batera; bAstenagusiPedia, txosnen mapea, programazinoa egunez egun eta erasoen aurkako protokoloak. Hemen web APPerako estekea.

Horrezaz gan, webgune barria be egin dabe, jai astean zehar soilik erabilgarri egongo dana.

Gora Txosnak eta gora Aste Nagusia!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu