Annette Gonzalez-Etxabarri surflaria, hirugarren US Openean

Bizkaie! 2025-08-04 09:02   Kirola

Nadia Erostarbe, barriz, bosgarren.

Annette Gonzalez-Etxabarri (Argazkia: WSL). | Ikusi handiago | Argazki originala

US Opena, Challenger Series zirkuituaren laugarren probea, Munduko surf lehiaketa mediatikoenetako bat, Huntington Beachen, Kalifornian, jokatu da. Txapelketak gure surflarien jardun bikaina itxi deusku, batez be, emakumeen papela nabarmenduz, horreen artean, Nadia Erostarbe eta Annette Gonzalez-Etxabarrirena. Zarauztarrak bosgarren amaitu dau eta zumaiarrak hirugarren.

Bosgarren urtez jarraian, ekitaldiak ospe handia eta 2026ko Championship Tourrerako sailkapen puntu baliotsuak eskaini ditu. Guztira 80 gizon eta 48 emakume lehiatu dira.

Annette Gonzalez-Etxabarri, lehen aldiz US Openean parte hartu dauena, Sol Aguirre perutarraren, Zoe Benedetto estatubatuarraren eta Mirai Ikeda japoniarraren kontra lehiatu zan lehen kanporaketan. Annettek 32 onenen faserako txartela lortu ahal izan eban. Hurrengo txandan Nadia Erostarbe, Tessa Thyssen frantziarra eta Laura Raupp brasildarra zituan zain.

Nadia Erostarbe, Balliton lortutako garaipenaren ondoren rankingeko 4. postuan egoan, beraz, zuzenean sartu zan lehian bigarren txandan. Annettek aurrera egin eban txandako nota onenagaz (11.63), baita Nadiak be (11.23).

Nadiak eta Annettek itsasoan ia edozein baldintzatan surf egiteko behar dan kalidadea erakutsi dabe, horrek final-laurdenetarako sailkapena ekarriz. Nadia, Teresa Bonvalot, Talia Swindal eta Yolanda Hopkinsen kontra ibili zan, kanporaketako puntuazino onena lortuz eta gainerako lehiakideek baino askoz be backside surfing hobea erakutsiz. Bestalde, Annettek sei hamarreneko aldeagaz irabazi eutson Tya Zebrowskiri.

Final-laurdenetan, Nadia Erostarbe Tya Zebrowskiren kontra ibili da, modako surflariaren kontra. Txandearen lehen zatian biek jantzan egin dabe markagailuan, baina saio erditik aurrera Nadia jarri da lidergoan. Amaierarako zazpi minutu falta ziranean, Tya gazteak 9.00 puntuko olatua lortu dau.  Nadiak ezin izan dau igaz US Openean lortutako hirugarren postua bardindu baina bosgarren postuan amaitu dau.

Annettek, barriz, lehiakide gogorra izan dau final-laurdenetan: Yolanda Hopkins, bigarren izan da Balliton eta fase honetara heldu da orain arte jokatu diran Challengerretako proba guztietan. Gipuzkoarrak 7.00ko puntuazinoa lortu dau laister, koltxoi bezela erabili dauena.
 
Gonzalez-Etxabarri ahizpetako gazteenak Tya Zebrowskigaz egin dau topo finalerdietan: 14 urteko frantziar-tahitiarrak, denporaldiko sensazinoetako bat izateko arrazoia zein dan erakutsi dau barriro. Zumaiarrak hirugarren amaitu dau txapelketan, 6.085 puntuz.

Gizonezkoen koadroan, Adur Amatriain nabarmendu da, batez be, lehen txandan. Zarauztarrak kanporaketa bi gainditu ditu, 17. postuan amaituz. Yago Dominguezek eta Keoni Lasak 49. postuan amaitu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu