Basque Teamek bere irudia barritu dau

Bizkaie! 2025-07-22 08:10   Kirola

Uda honetarako publizidade kanpainearen hasiereagaz batera.

Eusko Jaurlaritzeagaz batera Fundazinoaren patroia dan EiTB taldeko telebista-kateetan eta irratietan, gaurtik aurrera ikusi eta entzun ahal izango dan udako kanpainea aprobetxauta, Basque Teamek bere irudiari buelta bat emon deutso baina bere komunikazino eta marketin bidearen bikaintasuna eta dotoretasunari eutsiz.

Proiektuaren bilakaereak ez dau etenik izan 2007an Euskal Irrati Telebista Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzearen ekimenez sortu zanetik. Basque Team hazten joan da presentziari, programei eta kirolari kopuruari jagokenez.

Basque Teamen irudi-aldaketea bere nortasun bisuala sendotzeko eta nazinoartean zabaltzeko dator. Irudi modernoago, kohesionatuago eta adierazgarriago bategaz, Fundazinoak entzule barriakaz konektau nahi dau baina beti be goi-mailako euskal kirolaren balioak islatuz eta Euskadi markearen barruan eragile estrategiko lez dauen eginkizuna bultzatuz.

Heldutasun instituzionaleko etapan, Fundazinoak eliteko euskal kirolaren erreferente izaten jarraitu nahi dau nazinoartean irudi profesional eta modernoari eutsiz.

Horrezaz gan, kirol-ekosistemako, publikoaren eta ikusle digitalen alderdi gazteenagaz konektau nahi dau irudi bisualago, dinamikoago eta digital-friendly batek ikusgaitasuna eta komunikazino-inpaktua hobetzeko asmoz gehienbat sare sozialetan.

Ude egokia da aitatutako freskotasunaren ekarpenean lehen urratsak emoteko baina proiektuaren esentzia eta aterkipeko kirolarien balioak galdu barik. Bai telebistako iragarkian, bai irratiko iragarkietan (euskeraz zein gaztelaniaz ikusi eta entzun ahal izango dira), testuak kirolarien talentua, lana, sakrifizioa eta helburu zorrotzak lortzeko daben pasinoa azpimarratzen ditu, azken finean, hor baitago goi-errendimendua, onenen artean egotea. Basque Teamek helburu horreek lortzeko lagundu eta jagoten ditu kirolarak eta danak batera, talde bat osotuz, danon konpromisoari eutsiz, helburuak lortzeko lehiatzen diralako.

Euskadi markeak kirolean dauen garrantzia indartzea be bada helburua. Basque Teameko kirolariak Euskadiren ordezkari dira nazinoarteko lehiaketetan. Identidade bisuala herrialde-markeagaz lerrokatzea eta lurraldearen barrualdean eta kanpoaldean atletak erreferente lez kokatzea da erronka nagusia. Testuan kultura propioa jorratzen da, gure sustraietatik hasi eta gorenera heltzeko. Aldi berean, ikus-entzuleak zuzenean inpliketan dira eta konbita egiten jake iragarkiak hasten diran momentutik Mundurako bidaia edo edegiera horretan parte hartu deien. Herritarrei eta euskal enpresa-sareari dei egiten jake arrakasten eta porroten partaide izan daitezan baina, batez be, Basque Team markearen atzean dagoan lanaren partaide izan daitezan.

Bestalde, Hopper Ink enpresa bilbotarrak landutako alderdi bisualak Fundazinoarentzat aparteko garrantzia daben gaiak zeharka jorratzen laguntzen dau, besteak beste, integrazinoa eta inklusinoa, alderdi eta kasuistika guztietan, dibersidade funtzionala daben personak eta genero-bardintasuna nabarmenduz. Jariokortasuna nahi da, ez hain zurruna eta kultura eta gizarte-testuinguru barriakaz hobeto lotuko dana.

Telebistako iragarkia ETB1en eta ETB2n ikusi ahal izango da eta irratiko iragarkiak Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean entzun ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu