Bilboko Udal Musika Bandeak irailaren 19an ekingo deutso 2025-2026 denporaldiari

Bizkaie! 2025-07-15 12:42   Musikea

Hamazazpi kontzertu izango dira Profilak izenburuko zikloan, irailetik apirilera.

Kontzertuak Euskalduna Jauregian, Arriagako J.C. Konserbatorioan, Azkuna Zentroan, Arriaga Antzokian eta Joan Santuen Eleizan izango dira eta, besteak beste, musika sinfoniko garaikidea, ahozko jazza eta euskal sorkuntzea landuko ditue.

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bardintasuneko eta Jaietako Zinegotziak eta Bilbao Musikako Zuzendaritza Kontseiluko presidenteak, José R. Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari konbidadu nagusiagaz, Iñaki Urkizu zuzendariordeagaz eta Ana Madariaga Bilbao Musikako gerenteagaz batera, Bandearen kontzertu-denporaldi barria aurkeztu dabe gaur goizean Bilboko udaletxean. Denporaldi berezia da, izan be, Muroko maisuak, hamarkada batez bandako buru izan ondoren, bere etapa zuzendari artistiko lez amaitu dau. Haln da be, Pascual-Vilaplana arduratu da 2025-2026 denporaldiaren diseinua koordineteaz eta bera izango da Zuzendari konbidadu Nagusia.

Hainbat hizkuntza, genero eta estilotak programazinoagaz, musikearen irakurketa plurala proponiduten dau, gure gizartean alkarregaz bizi diran identidade askoren isla legez. Profilak denporaldiak hamazazpi hitzordu batzen ditu 2025eko irailetik 2026ko apirilera bitartean. Hamasei ohiko eta gertuko agertokietan izango dira: Euskalduna Jauregia (8), J.C. de Arriaga Konserbatorioa (5), Azkuna Zentroa (1), Arriaga Antzokia (1) eta Joan Santuen Eleizea (1). Inaugurazino-eguna barritzailea izango da, irailaren 14an izango baita, leku berezi batean: Las Palmaseko Alfredo Kraus auditorioan, Gran Canaria Wind Orchestreagaz eta Kanaria Handiko Musika Banden Federazinoagaz lankidetzan.

Virginia Martínez Fernández, Miguel Romea Chicote, Martín Baeza Rubio, Carlos Garcés Fuentelsaz, Andrea Gasperin Alberto Roque, Txemi Etxebarria Urzain, Miguel Etchegoncelay, Miquel Rodrigo i Tamarit eta Nicolás Serrano Valdizán bilbotar gaztea, Bilbao Musika Zuzendaritzearen Nazinoarteko III. Sariaren irabazlea, izango dira denporaldi honetako hamar batuta konbidaduak. Oholtzan Iñaki Urkizu Kerejeta zuzendariordeak hirutan eta José R. Pascual-Vilaplana lautan lagunduko deutsee. Zuzendari Titular lanak amaitu ondoren, Zuzendari konbidadu Nagusia izango da Muroko maisua. Bakarlari lez, ospe handiko artistak ibiliko dira, besteak beste, Alberdi (akordeoia), Gurutze Beitia (aktorea), Noa Lur eta Ainara Ortega (abeslariaka) eta Sergio Carolino tubista portugaldarra.

Interpretauko dan errepertorioaren artean, Bilboko Udal Musika Bandeak hiru erabateko estreinaldi egingo ditu: denporaldi honetarako hautatutako Juan Cubillas Musikeneko ikaslearen konposizinoa, Federico Jusid argentinar konpositore ezagunaren Bidaia obrearen bandarako egokitzapena eta Bandearen 130. urteurrena ospatzeko Areatza izeneko obrearen estreinaldia, Gabriel Erkoreka bilbotar konpositore ospetsuak egina. Gainera, banda-literaturan aparteko garrantzia daben konpositore garaikideren lanak entzun ahal izango dira: Chen Yi txinatarrarenak edo Lindsay Bronnenkant iparramerikarrarenak.

Bilbon zikloa irailaren 19an, barikuan, hasiko da, Azkuna Zentroan. Sustraidun musika izeneko kontzertuan, Iñaki Urkizuk hartuko dau batutea. Kolorez betetako bidaia proponiduko dau Bandeak, Marquina, Pierné, Balmages, Van McCoy eta Márquezen lanakaz, erritmo latinoakaz, melodia mediterraneoakaz eta kultura arabiar zein afrikarreko ikutuakaz.

J.C. de Arriaga Konserbatorioan bost kontzertu izango dira. Urriaren 17an, Bertsoa eta sugarra izeneko programeagaz egingo dau debuta konbidautako zuzendari moduan Nicolás Serrano Valdizán bilbotarrak. Guridi, Bert Appermont, Ida Gotkovsky eta David Rivasen musika izango dau oinarri, tradizino euskalduna eta egungo lengoaia musikala buztartzeko.

Zemendaren 28an, Carlos Garcés Fuentelsazek zuzenduko dauen Sustraiak kontzertuak emozino unibersaletara eroango gaitu, Khachaturia zein Óscar Navarrogaz batera.

Abenduaren 12an, Itsasoaren profilak izango da entzungai Andrea Gasperinen zuzendaritzapean: Adam Ferrero, Porrino eta Hidasen lanek itsas paisaiak iradokiko ditue. Urtarrilaren 30ean izango da Bilbao Musikako X. Zuzendaritza Topaketako amaierako kontzertua, Alberto Roque irakaslea eta Pascual-Vilaplana bera zuzendari izango diralarik. Martiaren 20an, barikuan, Miguel Etchegoncelayren gidaritzapean, Egunsentiari begira programeagaz emongo jako amaierea agertoki honi; Bronnenkant, Piazzolla, Ravel eta Kosmickiren lanek osotuko dabe egitaraua.

Zemendiaren 16an, Arriaga Antzokiak hitzordu bakarra hartuko dau baina oso esanguratsua: Argiak eta elezaharrak, Virginia Martínez Fernándezen zuzendaritzapean. Ticheliren, Yagisawaren eta Cesariniren musikea lagun, programeak mito personal eta kolektiboak argituko ditu, adierazkortasunez betetako errepertorioaren bidez.

Denporaldiaren zatirik handiena Euskalduna Jauregian izango da, izan be, zortzi kontzertu eskainiko dira bertan. Urriaren 5ean, zemendiaren eta abenduaren 20an.

2026 urteari urtarrilaren 18an emongo jako hasierea, Sing American Songbook izeneko kontzertuagaz.

Zezeilaren 15ean, Sentsualitatea eta mitoa, Miguel Romea Chicotek zuzenduta, Rimsky-Korsakov eta Óscar Navarroren uniberso musikalera hurbilduko gaitu.

Zezeilaren 22an, Bihozkadak programeagaz, Txemi Etxebarria Urzain gipuzkoarrak hartuko dau batutea eta Saint-Saëns, Julie Giroux eta John Mackeyren lanak izango dira entzungai.

Apirilaren 19an, Pascual-Vilaplanak Musika-hareatzak kontzertua zuzenduko dau, Musikenegaz lankidetzan, Sergio Carolino tubajole portugaldarragaz solista moduan eta Gabriel Erkorekaren Arenal obrearen estreinaldiagaz.

Denporaldiarean amaierea apirilaren 26an izango da In modo de sátira kontzertuagaz, Miquel Rodrigo Tamarit konbidaduaren zuzendaritzapean.

Gainera, emozino espiritual handiko hitzordu bat izango da martiaren 27an, basrikuan, arratsaldeko 19:00retan, Joan Santuen eleizan: Iñaki Urkizuk gidatutako Aste Santuko Musika programa berezia, Vélez, Marquina, Grieg, Melchor eta Doradoren lanakaz.

Estilo aniztasunetik harago, 2025-2026 denporaldia musikearen indarraren adierazpen lez aurkezten da: identidadeak marrazteko, komunidadea eregiteko eta etorkizuna irudikatzeko gaitasunaren adierazle, beti be bikaintasun artistikoaren aurreko konpromisoa eta gizarteagaz alkarrizketan oinarrituta, adierazo dau José R. Pascual-Vilaplanak Zuzendari konbidadu nagusi barriak, hamaika urtez zuzendari titular izan ondoren. Bilborentzat ohore handia izan da José Rafaelen mailako eta mundu osoan errekonozimendua dauen profesional bat izatea, eta hunkitu egiten gaitu gure uriari lotuta jarraitzeak. Eskerrik beroenak emon nahi deutsaguz bandea zuzendu dauen hamarkada luzeko dedikazinoagaitik, eta oso pozik gagoz bere talentuaz eta zintzotasunaz gozetan jarraitzeko formula egokia topau dogulako, nabarmendu dau Itziar Urtasunek.

Orkestra zuzendaritzari buruzko X. Topaketak eta IV. Bilbao Musika Zuzendaritzako Nazinoarteko Saria

Lehiaketa honen amaierako kontzertua urtarrilaren 30an izango da Bilboko J. Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioan. José R. Pascual-Vilaplana izango da topaketen zuzendaria eta koordinatzailea eta Alberto Roque, irakasle konbidadua eta epaimahaiburua. Alberto Roque portugaldarra orkestra-zuzendaritzako irakaslea da Leirako Konserbatorioan (Portugal). Lehiaketako azken faseko kontzertu honetan, Udal Bandea hiru batuta finalistek zuzenduko dabe eta Georges Bizeten L’Arlesienne Suite Nr.2, Serge Lancenen Cap Kennedy eta W. Francis McBeth eta Kenneth Heskethen bersinoetan Masque entzun ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu