Ohorezko zuzendaria Jonathan Castroviejo getxotarra izango da
2025-07-11 12:16 KirolaGetxoko Zirkuitoaren 80. edizinoa abuztuaren 3an, domekan, jokatuko da.

Abuztuaren 3an laurogeigarren Getxoko Zirkuitua Otxoa Anaiak Memoriala jokatuko da. Edizino berezia izango da, lasterketea atontzen dauen Punta Galea Txirrindulari Alkartearen 50. urteurrenagaz bat egiten baitau. Probearen aurkezpena Fadurako TikiToki zentroan egin da eta bertan izan dira Amaia Aguirre Getxoko Alkatea, Álvaro González eta Marcos Muro Getxoko eta Bilboko kirol zinegotzia, Gorka Iturriaga eta Carlos Sergio Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendaria, hurrenez hurran; anfitrioia, barriz, Mikel Guinea Punta Galea Txirrindulari Alkarteako presidentea izan da.
Amaia Aguirre alkateak adierazo dauanez, Getxorentzat ohore eta erantzukizun handia da egun batez txirrindularitzearen munduko erdigunea izatea, izar ospetsuak irabazteko prest izango diralako. Errubera gaineko jai handia, bertako eta kanpotarrek ekitaldi horretaz gozetako eguna, batez be, Punta Galea Alkarteak 80 urtean upealakoo lana egin dauelako, zorioanak eurei, lehen mailako zirkuitu hau ekarteagaitik. Oso barruan daroaguna da, oso maitatua baita.
Bestalde, S.C. Punta Galeako presidenteak, Mikel Guineak, probearen ezaugarrien gainekoak jorratu ditu: kilometro gitxiago izango dira aurten, 200etik 172ra baina horrek ez deutso gogortasunik kenduko. Lasterketa biziagoa izatea gura dogu, kilometro gitxiagotan, igoerako metroak beste urte batzuetakoen oso antzekoak izango dira eta, beraz, nahiko proba selektiboa izaten jarraituko dau. Azken edizinoetako irabazle guztiak maila oso altuko txirrindulariak dira eta horrek esan nahi dau oso ibilbide selektiboa da.
Lasterketearen hasierea barriro Bilboko Guggenheimeko zabalgunean izango da eguerdiko 12:15ean eta ohiko ibilbidea izango dau: hasierako neutralizautako tartearen ondoren, Enekuri igon eta Erandiora bajau eta Txomintxu igon ondoren Arkotxan dagoan helmugara helduko dira txirrindulariak. Ondoren, sei buelta emongo ditue, Akarlandatik igaroz (hiru aldiz puntuauko dau) eta laugarren eta seigarren itzulian bigarren mailako Pike igongo dabe txirrindulariek, mundu mailan ezaguna egin dana 2023ko Frantziako Tourrean sartu ondoren.
Kontuak kontu, UCI 1.1 kategoriako probea da eta 17 taldek parte hartuko dabe, horreetako lau World Tour mailakoak izango dira: Movistar, Lidl-Treak (USA), Cofidis (FRA) eta UAE Team Emirates (AEB). Zazpi izango dira Pro Team: Caja Rural, Euskaltel-Euskadi, Burgos-Burpellet, Kern Pharma, Lotto (BEL), Total Energies (FRA), Polti (ITA) eta Q.36.5 Pro Cycling (SUI). Eta beste bost Kontinentalak izango dira: Illes Balears-Arabay, Terengannu (MAL), Victoria (FILIP), XSpeed United (CAN) eta Skyline (EEBB).
Zirkuituak kutsu berezia izango dau, lasterketearen ohorezko zuzendaria Jonathan Castroviejo getxotarra izango baita. Aurten txirrindulari profesional lez erretirauko da Ineos Grenadiers taldean. Orain hogeita hamar urte baino gehiago ekin eutson txirrindulari ibilbideari klub antolatzailean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!