2025 La Vueltaren ‘Bilbao-Bilbao’ etapearen behin betiko ibilbidea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2025-07-09 13:52   Kirola

Jesús Loroño txirrindulari bizkaitarrari omenaldia egingo deutse.

Jaio zeneko ehungarren urteurrena bete den honetan, ‘Bilbao-Bilbao’ etapeak Jesus Loroño omenduko dau, La Vuelta 1957an irabazi eban txirrindulari bizkaitarra, eta Sollube gaina gehituko jako ibilbideari. Etapeak izango dituan 157,4 kilometroetan errepetidu egingo da 2023ko Frantziako Tourraren Gran Départ urteerako lehenengo etapearen ibilbidea: Bizkaiko 27 udalerritatik igaroko da, baita Larrabetzutik be, Jesus Loroño omenduaren jaioterritik.

‘Bilbao-Bilbao’ etapea hamaikagarrena izango da La Vueltan: San Mames estadioaren inguruan ekingo deutse irailaren 3an, arratsaldeko 13:30ean, eta Bizkaiko uriburuko Kale Nagusian amaituko da 17:20tik aurrera.

Bilbok eta Bizkaiak hitzordu garrantzitsua izango dabe beste behin txirrindularitza profesionalagaz, 2025 La Vueltaren 21 etapetako bat hartuko baitabe, kirol-ekitaldi garrantzitsuak hartzeko konpromisoari jagokonez erakunde bien artean dagoan sintoniaren erakusle.

Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak; Juan Mari Aburtok, Bilboko Alkateak; eta Javier Guillenek, La Vueltako Zuzendari Nagusiak, gaur goizean aurkeztu dabe ‘Bilbao-Bilbao’ etapako ibilbide zehatza, hain zuzen be, urian eta lurraldean egingo dana.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak jakinarazo dabe etapa horreetan Jesus Loroño txirrindulari bizkaitarra omenduko dabela bere jaiotegunaren (1925eko urtarrilak 10) ehungarren urteurrena bete dan honetan. Jesus Loroñok 1957an irabazi zuen ordu hartan Espainiako La Vuelta deiturikoa. Bilbo eta Gasteiz lotzen zituan etapa bategaz hasi zan eta Donostia eta Bilbo arteko 193 kilometroko beste etapa bategaz amaitu zan. Loroñok 65 garaipen lortu zituan profesionaletan ibili baitzan hamasei denporaldietan.

Elixabete Etxanobe, Juan Mari Aburto eta Javier Guillen.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eskerrak emon deutsee Javier Guilléni eta Jesus Loroñoren senideei ekitaldian parte-hartzeagaitik eta gura dauela irailaren 3an Bizkaia zeharkatuko dauen etapea 1957ko Vueltako irabazleak izan eban maila bera izatea. 2018an Oiz mendiaren bueltako etapea eta 2023an Bilbon izandako Tourraren hasierea gogora ekarri ondoren, Etxanobek azpimarratu dau Bizkaiak erakutsi dauela lan egiteko eta atontzeko kapazidadea dauela, eta mundu-mailako ekitaldi onenak hartzeko lanean jarraituko duela. Hareetako bat izan da San Mamesen jokatutako Europa Leagueren 2025eko finala, oso arrakastatsua izan baitzan atontzaileen lanai esker. Amaitzeko, Etxanobek ondokoa adierazo dau: aukera parebaoa da bost kontinenteetako miloeka ikuslek gure lurralde ikusgarria deskubriduteko. Gatxa da erakusleiho hobea eta inpaktu handiagokoa kontratetea.

Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, La Vueltako zuzendariari hamarkada honetan hirugarren aldiz eskerrak emon ostean, adierazi dau eraa honetako ekitaldiak oso garrantzitsuak dirala: ekimen kultural interesgarriak eta kalidadekoak hartzeko egin dogun apustua osotzen baitabe. Holako ekitaldiek maila goreneko kirol, musika eta kultura-ekitaldiak, foro sektorialak eta biltzar profesionalak atontzeo eta hartzeko estadu-mailako eta nazinoarteko eremuan kokatzen gaitue. Aburtok nabarmendu dauenez, Vuelta, Tourra, tokiko txirrindularitza-probak eta lurraldeko beste udalerri batzuekaz konpartiduten ditugunak, bai eta bidegorrien sarea be, bizikletearen alde egiten dogunaren isla dira bizikleteak herritarren osasunari egiten deutson ekarpenagaitik eta Bilbon zale ugari dituan kirol-jarduerea dalako eta, oro har, euskal nortasunaren esentzia be badalako.

Javier Guillenek, La Vueltaren Zuzendari Nagusiak, ondokoa nabarmendu dau: gure 90. urteurrena ospatzen dogun edizino historiko honetan, La Vueltarentzat hain garrantzitsua dan Bilbo lako uiria ezin zan falta ibilbidean. San Mames edo Kale Nagusia lako eszenatoki ikonikoak erdigune izango dira Bizkaian. Zazpi mendategaz, % 100n euskal etapa izango da, helmugatik birritan pasauko dira eta munduko txirrindularitza zalerik onenak disfrutauko dabela pentsetan dot.

Josu Loroño.

Josu eta Idoia Loroño, Jesus Loroño omenduaren seme-alabak, aurkezpen-ekitaldian izan dira: Loroño familia osoa, seme-alaba eta lobak, oso pozik eta eskertuta gagoz gure aitari omenaldia egingo deutselako bere jaiotegunaren mendeurrenean. Gure aita La Vueltako historiaren protagonista handienetako bat izan zan eta, urteek aurrera egin arren, haren lorpenak oraindino be gogoan ditugu, esan dau hunkituta Josu Loroño familiaren izenean.

Kontuak kontu, ‘Bilbao-Bilbao’ etapea San Mames estadioaren ingurunetik abiatuko da 13:30ean. Lasterketea Euskalduna Zubitik Loiura helduko da bertan kokatuko baita etapearen hasiera (13:51h), eta Mungiara joko dau gero. 14:32ak aldera, txirrindulariak Bermeora helduko dira, aldez aurretik Sollube, 301 metroko desnibela dauen hirugarren kategoriako mendatea igon ostean. Etapeari Sollube gaineko igoerea gehitu deutse Jesus Loroñoren aldeko omenaldiaren parte izan daiten, izan be, mendi horren tontorrean dago kokatuta txirrindulari ospetsuaren oroimenezko monumentua.

Irailaren 3ko lasterketa Larrabetzuko Goikola baserriaren aurretik igaroko da 15:52ak aldera, txirrindulari ospetsua jaio zan lekutik.

Sollubez gan, ondoko mendate honeek pasau beharko ditue txirrindulariek: Laukiz (183 metroko desnibela), Bizkaiko begiratokia (235 metroko desnibela), Morga (290 metroko desnibela), Elorritxueta (351 metroko desnibela dauena eta birritan igon beharko daben) eta Pike Bidea (204 metroko desnibela).

Danetara, 157,4 kilometro izango ditu hamaikagarren etapeak. Ibilbide horretan Bizkaiko lurraldeko ondokoko lekuak zeharkatuko ditu: Arratzu, Basauri, Bilbao, Bermeo, Busturia, Derio, Erandio, Etxebarri, Forua, Galdakao, Gatika, Gernika-Lumo, Larrabetzu, Laukiz, Lezama, Loiu, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Sondika, Sukarrieta eta Zamudio. Ibilbide honetan errepetidu egingo da 2023ko Frantziako Tourraren Gran Départ urteerako lehenengo etapea, hain zuen ere Bilbon hasi zana.

Txirrindulariak Bizkaiko uriburura helduko dira 17:20-17:41 inguruan: Euskalduna Zubitik sartuko dira eta helmugea Kale Nagusian izango dabe (Gregorio de la Revilla kalearen parean). Txirrindulariak urira sartuko diran bigarren aldia izango da hori, izan be, 16:29an helmugatik lehen aldiz igarote espero da.

Hurrengo etapa, hamabigarrena, irailaren 4an hasiko da Laredon.

La Vueltaren 90. urteurrena

2025 La Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra lehiatuko da. Piemonten hasikoo da, mendien magalean eta Alpeak atzean dituela, eta Italiako eskualde horrek hartuko ditu osorik aurtengo edizinoko lehen hiru etapak. Berezia izango da lasterketa entzutetsuaren aurtengo edizinoa, 90. urteurrena izango dalako.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu