Higinio Rivero piraguisteak brontzea irabazi dau Raciceko Europako Txapelketan

Bizkaie! 2025-06-23 07:45   Kirola

Bizkaitarrak brontzezko dominea jaso dau VL2-200 metroko proban.

Higinio Riverok hirugarren metal preziatuena eskuratu dau Racicen (Txekiar Errepublika) jokatutako parakanoeko Europako txapelketan. Basque Team Fundazinoaren bekea dauen kirolariak denporaldiko hitzordu hau, bere udako egutegian nagusiena, mimoz prestau dau, eta helburuak bete dau, palmaresera domina bat gehitzea.

Rivero hirugarren kaletik lehiatu da VL2-200 metroko proban eta 55.202ko denporeagaz helmugaratu da Edward Clifton britainiarragaz lehia estuan. Probako irabazleak, Norberto Mourao portugaldarrak, beti kontuan izan beharreko aurkariak, 54.235eko markeagaz irabazi dau, Cliftonek 55.062ko denporeagaz (+0.827) hartu dau zidarra eta Riverok aitatutako 55.202gaz (+0.967) jaso dau brontzea. Atzerago geratu dira Andrii Kryvchun ukrainarra, Miroslav Sperk txekiarra, Marius Ciustea italiarra eta Robert Suba hungariarra.

Aurreko urte biakaz konparauta aldaketa batzuk egin ditugu paleetak moduan, teknika eta taktikea leuntzeko eta idea ona izan da. Oso gertu gagoz indartsu dagoan jenearengandik, uretan aurten nik baino ordu gehiago daroen arren. Alderdi teknikoagoak eta posizinokoak lehenetsi ditugu, eta ondo joan jaku. Etorkizun baterako jarraitu beharreko bidea dala uste dogu. Oso pozik nago adierazo deutso Basque Teameko komunikazino arduradunari probea amaitzean.

Laugarren domina kontinentala da bizkaitarrarentzat, 2021ean Poznanen eta 2022an Munichen bereganatutako zidarren eta 2023an Monmiedo O Velhoren irabazitako brontzearen ondoren. Higiniok zidarrezko domina bat dauka 2021eko Kopenhageko Munduko Txapelketan eta diploma olinpiko bat Tokioko Jokoetan egindako seigarren postuagaitik. 2024ko Pariseko hitzordu paralinpikoan bederatzigarren amaitu eban.

Higiniok parakanoean, udako kirolean, dauen lehia Milan-Cortina d 'Ampezzoko neguko Jokoakaz bateratzen dau. Joko horreetan iraupen-eskian eta parabiatloian parte hartu nahi dau. Neguan kanoa prestetako osogarri lez hasi ebana, beste erronka bat bihurtu da bere kirol-ibilbidean, gero eta egingarriagoa dan helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu