Usoa Ostolazak (Laboral Kutxa-Euskadi) irabazi dau Pirinioetako Tourra
2025-06-16 07:45 KirolaBigarren aldiz jarraian irabazi dau Tour International des Pyrenees.

Hirugarren eta azken etapan talde osoak egindako lan bikainari esker, hirugarren mailako zazpi mendate puntuagarri gaindituta Abidosetik Pauera bitarteko 127,5 kilometroen ondoren, Zarauzko txirrindularia bigarren izan da helmugan baina lidergoari eutsi deutso. Ostolazak eta taldeak Col du Soulor mendatean ezarritako aldeei eutsi deutsee. Ane Santestebanek aparteko lana egin dau bere taldekidearen alde azken kilometroetan eta Ostolazak bere lana eta gainerako taldekideena saritu ditu helmugan bigarren postua lortuta. Sailkapen nagusian, 20", 39" eta 52" atara deutsee Gontova (WOS), Cavallar (ARK) eta Thomas (AUB) aurkariei, hurranez hurran; Yuliia Biriukovak, barriz, zortzigarren amaitu dau itzulia. Ostolazak, gainera, Erregulartasunaren sailkapena irabazi eta Laboral Kutxa-Euskadi bigarren taldea izan da itzulian.
Usoa Ostolaza: oso pozik eta harro nago nire taldekideek egin daben lanaz. Eskerrak laguntzinoagaitik. Hau nire lasterketa gogokoena da. Duda barik, datorren urtean bueltauko naz. Pozik nago nire errendimenduagaz Sierra Nevadan entrenetan ibii ondoren. Sasoi onean nago. Asko ikasi dot azken urteetan, izan be, txirrindularitzea ez zan neuk aueratutako leheneno kirola, triatloian ibili nintzan, gazteagoa nintzanean. Bost urte daroadaz txirrindularitzan. Beraz, asko hobetzen nabilela pentsetan dot eta urtetik urtera gehiago eta gehiago ikasten. Horregaitik, emoitza hobeak lortzeko momentua da baita nire taldeagaz gozetan jarraitzekoa be. Etxeko taldea da, euskalduna eta oso harro nago. Hemendik aste bira, Espainiako Txapelketak lehiatuko ditut -igaz ordekako probea irabazi eban- eta Giroa eta Tourra ditut egutegian. Beraz, gogor entrenau beharko dot igazko emoitzak hobetzen saiatzeko itzuli bi horreetan.
Naia Amondarain, Yuliia Biriukova, Idoia Eraso, Usoa Ostolaza, Ane Santesteban eta Cata Soto izan dira lehiatu diran sei txirrindulariak, Ion Lazkanoren kirol zuzendaritzapean. Cata Soto eta Ane Santesteban bosgarren eta seigarren sailkatu ziran, hurranez hurran, lehen etapan. Ostolazak irabazi egin eban zapatuko etapa nagusian eta bigarren izan da hirugarren eta azken etapan.
Daneara, 21 taldek hartu dabeute parte, WorldTourreko hiruk eta sei ProTeam mailakoek. Laboral Kutxa-Euskadiren hurrengo lehiaketea Espainiako Txapelketak izango dira, Granadan bagileko azken astegoienean, erlojupekoan, bagilaren 27an, eta ordekako proban, bagilaren 29an.
Laboral Kutxa-Euskadik zortzi garaipen lortu ditu denporaldi honetan: Yanina Kuskova nagusitu zan Asiako Erlojupeko Txapelketan, zezeilean; Usoa Ostolazak El Salvador Tourreko etapa bi irabazi zituan eta Laura Tomasik El Salvador Grand Prix irabazi eban, apirilean; Cata Soto Txileko Txapelketeta bietan izan zan nagusi ordekan eta erlojupekoan, maiatzean; eta Ostolazak azken garaipen biak moltsotu ditu, Pirinioetako Tourrean, etapa nagusia eta sailkapen nagusia, bagilean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!