Miren Lazkanok eta Pau Echanizek urrezko dominak irabazi ditue

Bizkaie! 2025-06-16 07:50   Kirola

Maialen Chourrautek brontzea irabazi dau kayak crosseko finaletan.

Basque Team Fundazinoaren bekea daben eslalom-piraguistek bikain ekin deutse denporaldiari. Lehenengo Parisko Europako Txapelketan jokatutako finalak etorri ziran, ondoren Miren Lazkanok aurreko astean Seu d’Urgelleko Munduko Kopan kanoa modalidadean irabazitako zidarrezko dominea eta kayak krosean irabazitako urreaz gan, astegoienean hiru domina irabazi ditue euskal palistek Paueko Munduko Kopako kayak kros modalidadean, urrezko bi eta brontzezko bat.

Gogoratu behar da kayak kos modalitatea Parisko Jokoetan be egon zan.

Kronometrautako saioaren emoitzek gauza onik iragarten ez eben arren, piraguisten lana sekulakoa izan da lauko txandatan. Saio kronometrauak kanporaketako txandetara zein palista pasetan diran agintzen dau eta urtetako ordena ezarri. Horretan Miren Lazkano hamargarren izan da 59.88ko denporeagaz (+1.97 azkarrenagazko, Camille Кent frantziarragazko) eta Maialen Chourraut 25. (65.04, +7.13). Gizonezkoen erlojupekoan Pau Echanizek 28. postuan amaitu dau, 56.05eko markeagaz, +3.03 Jakub Krejci txekiarragazko.

Kanporaketetan, Miren Lazkano zazpigarren seriean sartu da lehian eta bigarren amaitu dau, Evy Leibfarth estadubatuarraren atzetik eta Monica Doria andorrarraren eta Lea Baldoni kanadarraren aurretik. Final laurenetako laugarren seriean kokatuta, Mirenek hobetu egin dau bere jarduna hurrengo kanporaketan, izan be, lehenengoa izan da, Alena Marx suitzarra bigarren izan da eta Evy Leibfarth estaubatuarra eta Ajda Novak esloveniarra kanporatu egin ditu eta. Finalerdietan Mirenek penalizazinorik barik amaitu dau bere kanporaketea, ibilbide bikaina eginez eta finalerako txartela irabaziz Chiara Sabattini italiarragaz batera. Beti arriskutsua izaten dan Jessica Foxek eta Alena Marx suitzarrak ezin izan dabe txartela eskuratu.

Maialenek bigarren seriean hasi dau bere ibilbidea eta final-laurenetara igaro da Tereza Kneblova txekiarraren, Zuzana Pankova eslovakiarraren eta Kimberley Woods britainiarraren aurretik. Final-laurenetan, barriro be kanporaketako onena izan da, eta finalerdietara igaro da Camille frantziarragaz batera. Tereza Kneblova txekiarrak eta Andrea Herzog alemaniarrak, berriz, agur esan deutse txapelketeari. Txapelketako azken-aurreko mailan Lasartekoak bere garaipen ibilaldiagaz jarraitu dau, barriro be azkarrena izan da, ibilbidea bikain egin eta finalerako txartela lortuz Olga Samkova txekiarragaz batera. Noemie Fox australiarrak eta Camille Кent frantziarrak ezin izan dabe aurrera egin.

Esangura horretan, Miren Lazkano eta Maialen Chourraut finalera heldu dira, Basque Teamentzat gitxienez domina bat bermatuz. Miren Lazkano izan da onena azken kanporaketan. Amesetako denporaldi-hasieran urrea irabazi dau donostiarrak. Chiara Sabattini italiarrak eta Maialen Chourraut hiru domina olinpikoaren jaubeek osotu dabe podiuma. Olga Samkova txekiarra jatsiera erabagigarrian zigortu dabe, sailkapen bajuagoagaz (RAL) 16.23 arauan deskribidutako segurtasun neurriak ez beteteagaitik edo abantaila bidebako bat lortzeko ateak mobiduteagaitik.

Beste alde batetik, Pau Echaniz gizonezkoen taldean lehiatu da bigarren seriean eta final-laurenetarako txartela irabazi dau Ziga Lin Hocevar esloveniarragaz batera, Jakub Grigar eslovakiarra eta Finn Butcher nezolandarra gaindituta. Final-laurenetako bigarren saioan Pau bigarren helmugaratu da, Lin Ziga Hocevar esloveniarraren ondoren eta Martin Dougoud suitzarra eta Mateusz Polaczyk poloniarra jokoz kanpo itxita. Finalerdietan txartela eskuratu du Mathurin Madore frantziarrarekin batera, Hocevar esloveniarraren eta Jan Rohrer suitzarraren aurretik. Gogotsu ekin eta Echanizek irabazi dau, Matyas Novak txekiarrak, Madorek eta David Llorente segoviarrak baino hobeto eginda ibilbidea. Hirugarren egon dan arren, gora egin dau donostiarrak.

Astegoienean, kayak kroseko lehiaketaz gan, eslalomeko Munduko Kopa be jokatu dabe Pauen, kayak eta kanoan. Miren Lazkano bosgarren izan da kanoan eta Oier Diaz gaztea hamargarren. Kayakean Maialen Chourraut, Leire Goñi eta Pau Echaniz ezin izan dira finalerako sailkatu, 15, 51 eta 18 postuetan amaitu baitabe hurranez hurran.

Datorren astean Pragako Munduko Kopea jokatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu