SDAren ehun urteko historia, Zelaieta Zentroan ikusgai

Bizkaie! 2025-06-13 10:58   Kirola

Garagarrilaren 4ra arte egongo da erakusketea.

SD Amorebietaren mendeurrenaren erakusketearen inaugurazinoa egin da Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan. Garagarrilaren 4ra arte egongo da ikusgai. Ekitaldian Jon Larrea SDAko presidenteak, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Patxi González erakusketearen komisarioak berba egin dabe. Erakusketeak klub urdinaren historian zehar ibilbidea egitea proponiduten dau, haren 100 urteak islatzen dituan erretratu eta hainbat objektu deigarriren bitartez, besteak beste, mende horretan irabazitako garaikur batzuk. 

Irudiei jagokenez, 1,80 x 1 metroko 16 panelek osotzen dabe erakusketea, hainbat balentria eta bizitako uneak gogora eroaten gaituen argazkiz eta testuz beteta. Horreen artean, ezin ziran falta 1981ean Hirugarren Mailara lortutako igoerakoak, Mondragonen kontra ganezka egoan Urritxen garaipen ahaztuezina lortu ondoren, ezta 2011koak be, Manacorren, halanda ze, historian lehen aldiz igon ebenean Bigarren B Mailara. 2021eko Bigarren Mailarako igoera epikoa be bada protagonista, baita 2023ko denporaldi bikaina be. Horreekaz batera zale urdinak, zuri-baltzeko argazkiak, partidu ahaztuezinak, autortzak... be izango dira protagonista.

Patxi  Gonzalez zornotzarrak, erakusketako komisarioa eta 65 urte baino gehiagotik SDAko bazkideak, ondokoa adierazo dau: ahalegin handia egin dogu erakusketa itzel eta ikusgarria izan daiten. Kalidade handiko argazkiak ditu eta, zaharrak izan arren, inoiz ikusi ez diran neurrian landu eta disfrutau ahal izango dira. Herritar guztiak bisitetea nahi dogu. Nire familia osoak jokatu dau klubean; nire aita jokalaria, zuzendaritzako kidea eta presidentea izan zan. SDA asko da niretzat eta arreta handiz egin dot lan. Polita izan da, baina baita gogorra be, lanordu asko eskatu ditualako.

Bestalde, Jon Larreak, 2018tik SDAko presidente danak, eskerrak emon gura izan deutsee erakusketea posible egin daben persona guztiei: ehun urte honeetan momentu oso onak bizi izan ditugu, eta beste batzuk ez hainbeste, baina horreek guztiak maite dogun klubaren historiaren parte dira. Gure zaleak eta persona guztiak, klubetik pasau diranak edo ez, animetan ditut erakusketea bisitetan etorri daitezala.

Presidenteak klubaren orainaz eta lehen taldearen jatsieraz berba egin dau: ez dot guzurrik esango Zuzendaritza Batzordean eta klub osoan erremin handia dogula oraindino. Baina gauza bat be esan behar deutsuet: bestean, instalazinoa zelan egoan ikusten hurreratutakoan, inoiz baino argiago izan neban ez dogula dramatizau behar jatsiera hori. Ni presidente nazen bitartean, anbizinoa beti izango da nagusi eta denporaldi bakotxari gora egiteko eta hobetzeko asmoagaz ekingo deutsagu. Beraz, 2025eko bagilean, SDAk haren historiako momentu onenak disfrutetan gagoz.

Larreak eskerrak emon deutsee inaugurazinora joan diranei. Era berean, itxi gaituenak be gogoratu ditu eta aitamen berezia egin deutso Juanjo Batizi, joan zan barikuan hil zana. Urdinen autobuseko gidaria izan zan urte askotan. 

Ekitaldiaren amaieran, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, ondokoa adierazo dau: Sociedad Deportiva Amorebietaren mendeurrena gure udalerrian dauan garrantziaren seinale da. Ehun urte horreetan, SDA oinarrizkoa izan da, ez bakarrik kirolean, baita alkarlana eta talde-espiritua sustatzeko be. Pozik gagoz alkarteagaz lankidetzan ibilteaz. Amorebieta-Etxanoko bizitearen oinarrizko parte da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu