Salma Solaunek Europako Txapelketan irabazitako urrezko hiru dominak aurkeztu ditu etxean
2025-06-12 07:54 KirolaGorka Iturriagak egin deutso harrerea Basque Teameko gimnasteari.

Salma Solaunek, taldekako Europako txapeldunak, etxean erakutsi nahi izan ditu Estonian jokatutako txapelketa kontinentalean irabazitako urrezko hiru dominak. Gorka Iturriagak harrerea egin deutso Basque Team Fundazinoaren bekea dauen gimnasteari Gobernuaren egoitzan, Lakuan. Ekitaldian izan da Gimnasiako Euskal Federazinoko presidentea be, Jose Luis Tejedor.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Gorka Iturriagak, nabarmendu dauenez, Gasteizko Beti Aurrera klubean hazitako Salma kirol-ibilbide luzekoa da nazioartean eta astegoienean beste hiru urre hartu ditu.
Gaztea izan arren, Salmak jakin izan dau bere burua kontroletan. Banakako lehiaketatik taldekora pasau zan, bere kirol-ibilbidea eten ahal izan eban lesino baten alde positiboari utsiz. Ahuldu beharrean, kontrakoa jazo zan, indartsuago etorri eta ezagutzen dogun gimnastea saridun bihurtu zan, Munduko Kopetan, Munduko Txapelketetan eta Europakoetan dominak dituan gimnastea. Parisen domina olinpikoak iges egin eban baina seguru Los Angelesen beste aukera bat izango dauela, denporaldi-hasierea ikusi besterik ez dago azpimarratu dau Iturriagak.
Salma Solaun arabarrak, Ines Berguak, Andrea Corralek, Marina Cortellesek, Andrea Fernandezek eta Lucía Muñozek osotutako gimnastika erritmikoko taldeak urrezko dominea irabazi eban lehiaketa osoan eta Tallinen jokatutako Europarren nagusitasuna berretsi eban, bost zinten finalean eta uztai bi eta hiru pelotaren finalean nagusitu baitzan. Irabazitako hiru urreek aspaldi ikusi bako nagusitasuna erakusten dabe.
Lehiaketa osoaren kasuan, balentria hori orain dala 33 urte lortu zan azkenengoz estadu mailan, 1992. urtean, Alemaniako Stuttgart urian jokatutako Europako txapelketan erritmikako taldeak urrea irabazi ebanean. Lehiaketa osoan, Salmaren konbinatua podiumaren gorenera igon dau oraingoan, Israel eta Hungariaren aurretik.
Bestalde, tresnetako finaletan, taldeak 25,300 puntu lortu zituan bost zintako finalean, eta 0,650 atara eutsozan Frantziari, zilarra irabazi baitzeban 24,650eko puntuazinoagaz. Italia geratu zan hirugarren, 23,800 puntuko noteagaz.
Salmaren taldeak ez eutsen arerioei aukerarik emon Estoniako uriburuko Unibet Arenan eta bere nagusitasunagaz aurrera jarraitu eban, ariketa mistoan, uztai bi eta hiru pelotako finalean bereganatutako 27,700 puntuek erakusten daben legez.
Konbinatuak perfekzioa ukitu zuen berriro, zailtasunez eta sotiltasunez betetako ariketa batekin. Maila ez zen oharkabean pasa epaileentzat, eta berriro ere 27,700 notarekin saritu zuten, sailkapenean lortu zuten nota berarekin. Ariketa bikaina egin zuten eta, horri esker, ukrainarrek baino 1,450 puntu gehiago lortu zituzten (26,250 puntu). Brontzea Alemaniara joan zen 25,350 punturekin.
Hiru urreek aise hobetu dute iaz Budapesteko Europako txapelketan lortutako emaitza. Bertan brontzea lortu zuten lehiaketa osoan, zilarra bost uztaien finalean eta urrea hiru zinta eta bi pilotaren ariketan.
Emaitza bikain honetaz gain, denboraldi honetan taldeak bi urre eskuratu zituen apirileko Sofiako Munduko Kopan, sailkapen nagusian eta mistoan, eta beste hiru domina maiatzean Portugalen jokatu zen Portimaoko Munduko Kopan. Bertan zilarrezko domina lortu zuten sailkapen orokorrean, zilarrezko beste bat bost zintako finalean eta brontzezko domina uztai eta piloten ariketa mistoan.
Garaarrilean Kluj-Napocako Munduko Kopea izango da Salma Solaunen hurrengo hitzordua egutegian; ondoren, abuztuan jokatuko dabe Rio de Janeiroko Munduko Txapelketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!