Egoitz Bijueska skaterra harro bueltau da etxera
2025-06-11 08:54 KirolaOstiako Munduko Kopea irabazi ostean.
Egoitz Bijueska Basque Team Zentroan izan da Erromatik bueltau ondoren. Goi errendimenduko zentroan Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak egin deutso harrerea eta bizkaitar gaztearen lana eta, batez be, etorkizunerako dauen proiekzinoa nabarmendu ditu. Ekitaldian Javier Canales Patinajeko Euskal Federazinoko presidentea be izan da.
Gorka Iturriagak nabarmendu dauanez: Egoitzek lortutakoa oso azpimarragarria da. Haren garapena ikaragarria da. Basque Team Fundazinoaren bekaduna da eta alde teknikoan eta biomedikoan be laguntzen deutsagu. Gure enbajadore handienetako bat da nazinoartean eta 2028an Los Angeleseko Jokoetan podiumera igoteko hautagaietako bat.
Egoitz Bijueskak denporaldiko lehen Munduko Kopa irabazi dau asteburu honetan park modalidadean, Ostian, Italian. Bilboko skaterrak haren kalidadea erakutsi dau. Amesetan nago. Ez dot sinisten, baina hobetzen eta trikimailu barriak ikasten jarraitu behar dot, dino Bijueskak.
Lehen txandan 92.54 puntu lortu zituan, Pedro Carvalho, Luiz Mariano, Luigi Cini eta Gui Khury brasildarren, Yuro Nagahara eta Soya Inomata japoniarren eta Alessandro Mazzara italiarraren aurretik.
Bigarren saiakeran jausi eta hirugarrenean 81.59 puntu lortu zituan. Dana dala, Egoitzek 94.50 noteagaz errematau eban lana laugarren txandan. Yuro Nagahara japoniarrak (92.30) eta Gui Khury brasildarrak (92.01) osotu eben podiuma.
Haren entrenatzaileak urrearen ostean esan euskun jakinaren gainean egoala txapeldun izango zala, baina ez hain azkar, esan dau Ibonek, bilbotar gaztearen aitak. Haren entrenatzailea Trevor Ward australiarra da.
Egoitz Bijueskaren garapena, kritika eta zaleak harrituta itxi ditu. 2023ko Munduko Txapelketan, gonbidapen-txartelagaz lehiatu zan, 12 urte zituala. Halanda ze, final-laurenetara heltzean danak zurtz eginda itxi zituan eta ordutik nazinoartean interes handiko kirolari bihurtu da.
Munduko Txapelketea jokatu eta hilebete batzuetara, estaduko selekzinoetako ohiko deialdietan sartzen hasi zan eta Pariseko Jokoetarako sailkapena lortzeko aurreolinpikoa jokatu eban, baita Shanghaiko eta Budapesteko probak be. Ezin izan eban Frantziako uribururako txartela lortu, baina skatearen alde eta teknikea hobetzen jarraitu eban, Estadu Batuetara bidaiatuz onenakandik ikasteko.
2024an, Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin eta urtebetera, Egoitz Ostiara bueltau eta 23. postutik bosgarren postura pasau zan.
2025eko maiatzean, 14 urte besterik ez zituala, Estadu mailan 900 bat lortzen lehen skaterra izan zan, hau da, sei metrotik gorako altueran bira bi eta erdi egiten. Munduan marka hori daben 12 skaterren zerrenda murriztuan sartu zan bilbotarra. Trikimailua egiteak egun bi eta 20 saiakera nahikoa izan zan markea lortzeko. Tony Hawk mitikoak, barriz, 10 urte behar izan zituan.
Nire epe luzerako helburua 2028ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoak irabaztea da. Epe laburrerakoa, barriz, hobetzen jarraitzea eta gertuko txapelketetara joatea, dino Egoitzek. Oraintsu, irailean Washingtonen jokatuko dan Parkeko Munduko Txapelketarako prestetan dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!