Egoitz Bijueska skaterrak Ostiako Munduko Kopea irabazi dau

Bizkaie! 2025-06-09 09:33   Kirola

Naia Laso bermeotarrak bosgarren amaitu dau emakumeen finalean.

Egoitz Bijueska. | Ikusi handiago | Argazki originala

Egoitz Bijueskak denporaldiko lehen Munduko Kopea irabazi dau park modalidadean, Ostian, Italian. Bilboko skaterrak bere kalidadea erakutsi dau txapelketa osoan zehar. Pistara salto egiten azkena izan da baina lehen txandan bertan 92.54 puntu lortu ditu eta bere lehiakide guztien aurretik jarri da: Pedro Carvalho, Luiz Mariano, Luigi Cini eta Gui Khury brasildarrak, Yuro Nagahara eta Soya Inomata japoniarrak eta Alessandro Mazzara italiarra.

Bigarren saiakeran ezin izan dau aurreko jarduna hobetu, izan be, jausi egin da eta hirugarrenean 81.59ko notea jaso du, bere txandearen amaieran orekea galduz. Dana dala, Egoitzek 94.50 bategaz amaitu dau lana laugarren txandan, bertaratutako guztiak txundituta ixteko. Yuro Nagahara japoniarrak (92.30) eta Gui Khury brasildarrak (92.01) osotu dabe podiuma:

Egoitz Bijueskaren garaipenak kritika eta zaleak ahoa zabalik itxi ditu. 2023ko Munduko Txapelketan konbidapen-txartelagaz lehiatu zan 12 urteko mutikoa. Orduko haretan final-laurenetara heltzean danak zurtz eginda itxi zituan eta ordutik nazinoarteko mailan onenen artean dago.

Munduko Txapelketa ha jokatu eta hilebete batzuetara, estaduko selekzinoetako ohiko deialdietan sartzen hasi zan eta Pariseko Jokoetarako sailkapena lortzeko aurreolinpikoa jokatu eban, bai Shanghaiko probea, bai Budapestekoa be. Ezin izan eban Frantziako uribururako txartela lortu baina skatearen aldeko jarrereari eusten eta bere teknikea hobetzen jarraitu eban.

2024an, Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin eta urtebetera, Egoitz Ostiara bueltau eta 23. postutik bosgarren postura pasau zan bere bigarren Munduko Txapelketa absolutuan. Etenik barik ezagutza xurgatzen dauen kirolariaren garapena frenetikoa izan da tarte honetan.

2025eko maiatzean, 14 urte besterik ez zituela, Estau mailan 900 bat lortzen lehen skaterra izan zan, hau da, sei metrotik gorako altueran bira bi eta erdi egiten estaduko lehen skaterra izan zan. Munduan marka hori daben 12 skaterren zerrendan sartu zan bilbotarra.

Beste alde batetik, Naia Laso, Basque Teameko kirolaria bosgarren izan da emakumezkoen taldean. Laso zuzenean lehiatu zan final-laurenetan Ostiako Munduko Kopan, sailkatze kanporaketa jokatu behar izan barik. Final-laurenetan seigarren izan zan, 81.63ko nota onenagaz. Finalerdietan bere jarduna hobetu eta hirugarren amaitu eban 85.13ko puntuazinoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu