III. Jose Angel Herrero-Velarde bekak emon ditue
2025-06-06 08:00 ZinemeaAsier Aranzubia, Zigor Etxebeste eta Paula Arantzazu Ruiz ikertzaileak dira bekadunak.

Bekak Donostia Zinemaldiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak martxan jarritako Elías Querejeta Zine Eskolak emoten ditue.
Ondoko hiru gai honeek aztertuko ditue ikertzaileek: zinema-jaialdiek kanon filmikoa sortzeko orduan daben eragina, arreta berezia jarriz El espíritu de la colmena (1973) lanean; Hollywoodeko zinemagile klasikoek Zinemaldira egindako bisitak eta Donostian euren lanen gainean egindako atzerabegirakoak, batez be, Miguel de Echarri jaialdiko zuzendaria izan zan garaian 1967tik 1977ra; eta, Donostian 1965etik aurrera egindako Zinema eta telebista hezigarri, zientifiko eta kulturalaren nazinoarteko jardunaldiek zine zientifiko-medikoaren garapenean izandako garrantzia.
Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osotutako batzordeak 2025eko martian erabagi eban hiru ikerketa-bekak zeini emon, aintzat hartuta bat Gipuzkoan jaio edo bizi dan persona batentzat izan behar dala (Zigor Etxebeste) eta beste biak Estadu osoko ikertzaileentzat edegita dagozala (Asier Aranzubia eta Paula Arantzazu Ruiz).
Helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketea sustatzea, zertarako eta ikerketa-artikulu argitabakoak sortzeko iturri nagusi moduan Zinemaldiaren Artxiboa erabilita. Halanda ze, Zinemaldiaren iragana aztertzeaz gan, oraina eta etorkizunaren arteko etenbako dialogoa ezarri nahi da.
Asier Aranzubia (Bilbo, 1973) irakasle eta historialariaren kasuan, zinema-jaialdiek hainbat filmek kritikearen eta akademiaren legitimazinoa lortzeko prozesuan daben ezinbesteko eginkizuna aztertuko dau. Horretarako, Victor Erice zinemagilearen 1973ko El espíritu de la colmena filman oinarrituko da Aranzubia.
Zigor Etxebeste (Donostia, 1974) irakasle eta zinema-adituaren kasuan, Miguel de Echarri Zinemaldiko zuzendari izan zan 1967 eta 1977 arteko garaia aztertuko dau, batez be, Fritz Lang, King Vidor, Howard Hawks edo Nicholas Ray lako Hollywod klasikoko zinemagileek Donostiara egindako bisitak. Etxebesteren ikerketeak arreta berezia jarriko dau bisita horreen testuinguruan egindako atzerabegirakoetan, zinemagileak Donostian izateak itzel indartu eban-eta.
Paula Arantzazu Ruiz (Bartzelona, 1979) kazetari, kritikari eta irakasleak Donostia Zinemaldiaren eskutik 1965etik aurrera egindako Zinema eta telebista hezigarri, zientifiko eta kulturalaren nazinoarteko jardunaldiek izandako inportantzia historikoa ikertuko dau.
Bekearen irabazleek, ikertzeko egonaldiaren barruan, Artxiboaren instalazinoetarako sarbidea izango dabe aste bitan. Instalazinoak Tabakalera eraikinean dagoz. Horrezaz gan, 3.500 euroko dirulaguntzea eskuratuko dabe, joan-etorriak eta ostatua ordainduta izango ditue, baita egonaldiko egunei jagokezan dietak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!