IV. Bizkaia PGAe Open Golfa bagilaren 20tik 22ra jokatuko da
2025-06-03 09:48 KirolaII. TUMI Spain Golf Tour zirkuiturako puntuagarria izango da.

Arboledako Meaztegi Golf zelaian jokatuko da eta dagoeneko aurreko urteetan baino parte-hartzaile gehiago izano dira. Aurtengo txapelketea mistoa izango da eta gizonezko, emakumezko eta senior profesionalek parte hartuko dabe. Seve Ballesterosek diseinautako zelaira batuko dira kirolariak, aurten 20. urte bete dituan zelaira.
Sariketearen aurkezpenean izan dira: Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputadua; Carlos Alzaga, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputadua; Ander Martínez, PGAeko presidentea; Javier Saiz, Euskadiko Golf Federazinoko presidentea; eta Carlos Roca, Meaztegi Golfeko zuzendari gerentea.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Golfeko Profesionalen Alkarteak (PGAe) 2022an martxan jarritako txapelketa honek urte gitxiren buruan Espainiako golf egutegiko hitzordu nagusienetako bat izatea lortu dau. Urtez urte, izen-emote kopurua hazten doa eta parte-hartzaileen artean nazinoarteko zirkuituetan ibilitako eta Gran Slameko torneoak irabazitako jokalariak dagoz.
Sari potoloak eskaintzen ditu, helburu solidarioak ditu eta emakumen golfarien parte-hartzea bultzatzen duen ekimena da.
Izar handien parte-hartzea
PGAe zirkuituko proba garrantzitsuenetakoa izanik, Meaztegiko Openak aurreko edizioetan zenbait jokalari ospetsu jaso ditu:
- José María Olazabal, Augustako Mastersa bi aldiz irabazitakoa (1994 eta 1999).
- Álvaro Velasco, José Manuel Carriles, José Manuel Lara eta Santiago Luna, Europako golfaren izen nagusiak.
- Santi Luna, Legends Tour eta DP World Tourreko kidea.
Aurten be, gorengo jokalariak izango dira lehiaketan:
- Carlos Suneson eta Luis Claverie (Kanariak).
- Carlos Balmaseda eta Vicente Blázquez (Madril).
- Manuel Quirós eta Mario Galiano (Andaluzia).
- Javier Sainz (Bizkaia).
Orain arteko edizioetako irabazleak:
- 2022: Asier Aguirre (Nafarroa).
- 2023: Borja Martín (Donostia).
- 2024: David Borda (Nafarroa).
Pro-Am txapelketak eta bestelako jarduerak
Pro-Am Txapelketea: profesional eta amateurrek alkarregaz jokatzen duten proba da, eta urtez urte interes eta parte-hartze handiagoa jasotzen ari da. Aurten, bildutako dirua DalecandELA Fundaziora bideratuko da, ELA gaixotasuna duten pertsonak babesteko eta ikerketarako.
Haur Pro-Am: txapelketaren azken egunean egingo da eta Euskadiko golf-eskoletako umeek profesionalakaz batera jokatuko dabe. Ekimen honek Jon Rahm Golf 4 Kids proiektuaren eta Aladina Fundazinoaren babesa dau, golfaren balio hezitzaileak sustatzeko helburuagaz.
Meaztegi Golf
Meaztegi Golf Club Arboledan dago, Zugaztietan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jaubetzako golf-zelai publikoa da. 2005ean inauguratu eben Severiano Ballesterosek diseinautako zelaia. Meaztegi Golfek 88 hektarea hartzen ditu Trianoko meatzegune zaharrean, eta 6.154 metroko ibilbidea dauen 18 zuloko golf-zelaian (72 parea), 52 bunker eta 3 pareko 9 zuloko eremu bat, 10 bunker dituana.
Golf instalazioak praktika-zelai handi bategaz (altuera bikotxeko teeagaz eta mutur bietatik praktiketako aukereagaz), putting-green bi eta chipping gune bategaz osotzen dira, guztiak Club Etxearen inguruan dagozanak.
Informazio gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!