Zero Chou taiwandarrak jasoko dau Ohorezko Saria

Bizkaie! 2025-05-29 11:23   Zinemea

Bagilaren 23an, Arriaga Antzokian.

Zinegoakek, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, gaur, hilak 29, jakinarazo dau nork jasoko dauen Damak babestutako Ohorezko Saria. Zero Chou zinegile taiwandarrak, queer zinemearen aitzindariak, jasoko dau sari nagusia bagilaren 23an Arriaga Antzokian egingo dan 22. edizinoaren inaugurazino ekitaldian. Ganera, zinegile taiwandarraren filmografiari buruzko atzera begirakoa izango da, Taiwango Kultura Ministerioagaz lankidetzean.

Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak ondokoa azpimarratu dau: ohorea da 2025eko Ohorezko Saria Zero Chouri emotea, Taiwango zinema garaikidean eragin eta konpromiso handienetakoa dauen zinemagileari. Haren zinema sortzeko dedikazino nekatuezina autortzen dogu. Chouen obrea gizartea eraldatzeko tresna indartsua da.

Zero Chou (Keelunge, Taiwan) filosofian graduatua da Chengchiko Unibersidade Nazinonalean eta kazetaritza eta ikus-entzunezkoen zuzendaritza karrerea be egin dau. Laurogeita hamarreko hamarkadearen erdialdetik aurrera, identidadea, maitasuna, justizia soziala eta queer eskubideak lako gaiak landu ditu.

Zinema moldeak eta generoak apurtzeko dauen gaitasunagaitik bereizten da, istorio errealistak eta intimoak buztartuz, beti be, estetika bizi eta txukuna erakutsiz. Chouren lana, bisualki txundigarria izateaz gan, queer esperientzien irudikapenagaz be oso konprometituta dago, batez be euren testuinguruan.

Tongzhi trilogiak (Splendid Float (2004), Spider Lilies (2007) eta Drifting Flowers (2008)) sekulakoa garrantzia izan dau Asiako LGBTQ+ istorioak ikusarazoten. Horreek guztiak, zuzendariari eskainitako atzera begirakoaren parte izango dira.

Chouk, Gloomy Salad Days eta Because of You telesailetan eta Project Rainbow in Six Asian Cities lako nazinoarteko proiektuetan be lan egin dau. Haren ikuspegi artistikoak amesen esplorazinoa eta errealidadea buztartzen ditu.

Arenzanak azpimarratu dauenez, Zero Chou ahots ausarta izan da, baita bardintasunaren eta LGBTIQ+ eskubideen aldeko burrukean be, zinemearen eta telebistearen industrian, tradizionalki konserbadorea izan dan sektorean. Harek esan ebanez: helburua da etorkizunean LGTBIQ+ etiketa beharrezkoa izateari ixtea, bardintasunak eta justizia sozialak unibersalak izan behar dabelako.

Taiwango zinema aberasteaz gan, mundu osoko zinemagile eta aktibisten belaunaldiak inspirau ditu.  Narratibearen indarrak, konpromiso sozialak eta barrikuntza formalak Zero Chou funtsezko figurea bihurtzen dabe zinema garaikidea eta giza eskubideen aldeko burrukea ulertzeko.

Bagilaren 22an Chouren atzera begirakoaren lehen emonaldia egingo da, Spider Lilies proiektatuz. Ganera, 18:30ean Bilborocken, Irantzu Varela kazetariagaz berbaldi batean parte hartuko dau. Bagilaren 24an eta 25ean, 19:30ean, Golem zinemetan, Drifting Flowers eta Splendid Float emongo dira.

Zinegoakek bagilaren 10ean aurkeztuko dau 22. edizinoaren programazino osoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu