‘Los pilares de la Tierra, el musical' eta ‘Mastodophonika’, Aste Nagusiko protagonistak
2025-05-29 09:22 KultureaEukalduna Jauregian, Euskalduna Nagusia egitasmoaren barruan.

Leixuri Arrizabalaga Euskerea, Kulturea eta Kirol diputaduak eta Iñigo Iturrate Euskalduna Bilbaoko zuzendari nagusiak Aste Nagusirako programazino berezia aurkeztu dabe: Euskalduna Nagusia. Antzerkia, musikea, umorea eta esperientzia bereziak buztartzen dituan proposamena da.
Abuztuaren 15etik irailaren 7ra arte, Biltzarren Jauregia hartuko dau publiko mueta guztientzako zuzendutako egitaraua. Atze-ohiala ikusgarritasunez altzauko da, jentaurrea mirestuko dauen formatu handiko ikuskizun bategaz: Los pilares de la Tierra, el musical, Ken Folletten liburuaren moldaketa ikusgarria. Madrilen arrakasta izan ondoren, lehen aldiz helduko da Bilbora. Musika zuzenean, sekulako eszenografia eta aktore-zerrenda bikaina, abuztuaren 15etik 31ra bitartean disfrutetako. Abuztuaren 14an aurre-estreinaldi esklusiboa egingo da.
Etxean produzidutako ikuskizuna da beste ikuskizun handia: Mastodophonika. Kontzertu indartsu eta ikugarria, gure sustraiak, tradizinoa eta nortasuna aldarrikatzen dituana, Mastodonte taldea (Asier Etxeandia eta Enrico Barbaro), Euskadiko Gazte Orkestrea eta Leioako San Juan Bautista Abesbatzaren eskutik. Ikuskizuna, irailaren 5ean eta 6an izango da.
Euskalduna Nagusia egitasmoak beste lau ikuskizun izango ditu: Pecados - El cabaret de la carne, umorea eta musikea buztartzen dituana; Pijama para seis, anabasa komedia; La llamaban Loca, Bilboko historiako personaia ikoniko bat gogora eroaten dauen produkzino bizkaitarra; eta, Ugaitz Alegria eta Ainhoa Etxebarriaren eskutik datorren Tongola umorezko bakarrizketa saioa (euskeraz).
Aurton be Euskalduna Klubaz disfrutetako aukerea izango da, giro informaleko gunea, musikea eta gastronomiagaz. Aste Nagusi osoan zehar edegita egongo da. Horrezaz gan, familiek zita berezia izango dabe euskerazko bisita gidatuekaz, umeei zuzenduta. Mari Jaiak eta Gargantuak gidatuko ditue umeak Kongresu Jauregiaren sekretuak erakutsiz.
Arrizabalagaren berbetan: kaleetan giro aparta izango dogu: txosnak, musikea, umeentzako olgetak... kolorea eta poza nongura. Halanda be, ez da guztia kalean pasetan: eremu zarratuetan be kultur eskaintza ugari izango da, Euskalduna Bilbao protagonista nagusia izanez. Aste Nagusian, Euskaldunako programazinoa kontsultetea ezinbestekoa da. Antzerkia, musikea, umorea, euskeraz eta gazteleraz, publiko guztientzat egokitutako eskaintza izango dogu. Programazinoa abuztuaren 15ean hasiko da eta irailaren 7ra arte luzatuko da. Aniztasuna eta kalidadea izango dira ardatz nagusi.
Iturratek, bere aldetik, ondokoa azpimarratu dau: gure helburua argia da: guztiontzat lekua eskaintzea, kulturea eta jaiak eskutik helduta eta horretarako, alkarlanean ibili gara beste behin sektoreko eragileekaz, bertoko artistentzat aukerak sortzen dituan programazino bategaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!