Gernika-Lumon hasiko da Dantz Point Bizkaia

Bizkaie! 2025-05-28 13:42   Musikea

Bagilaren 14an, Seber Altubeko Anfiteatroan.

Dantz plataformeak sustatutako eta BBKaren laguntzeagaz gauzatutako proiektuak 2025ean bigarren edizinoa aurkeztu dau, kultura elektronikoaren eta Bizkaiko ondarearen balioa nabarmentzeko. Bagiletik irailera sei ekitaldi atondu dira, doban. Ganera, lehen aldiz Bilbo be geldialdia izango da, Aste Nagusian.

2024an bost udalerritan ehunka persona batu zituan ekimenak esperientzia kultural parebakoak eskaintzen ditu leku enblematikoetan, baita horreen memoria historikoa be, musika elektroniko eta garaikidearen bidez. Dantz Point Gernika-Lumo, Bermeo, Sestao, Getxo, Durango eta Bilbora helduko da, ondare, komunidade eta abangoardiako artearen arteko konexinoa indartuz.

Bizkaiko geografia zeharkatuko dauen bidaia sonoroaren aurrerapen bezela, aurtongo datak eta espazioak aurkeztu dira, Gernika-Lumoko lehen hitzorduaren kartelagaz batera. Laster iragarriko dira hurrengo geldialdien programazinoak.

Egutegia eta espazioak

  • Bagilaren 14an, Gernika-Lumo (Seber Altube anfiteatroa): Cyava (Italia), Gobaxx, Nebreda B2B Unzu, Gerekiz & 8DER eta Fem & Bör. Programazinoa Infinity Clubbing kolektiboagaz alkarlanean atonduta.
  • Bagilaren 21ean, Bermeo (Tala). Programazinoa Black Heart kolektiboagaz alkarlanean atonduko da.
  • Garagarrilaren 4an, Sestao (Labe Garaia).
  • Eguna zehaztu barik, Getxo (Portu Zaharra). Programazinoa Nexo Malito kolektiboagaz alkarlanean atonduko da.
  • Aste Nagusia, Bilbo (kokalekua aurrerago jakinarazoko da). Oso gune berezia izango da, uriko memoria industrialagaz lotuta eta sinbolismo handikoa.
  • Irailaren 13an – Durango (Landako Gunea). Olma Fundizino zaharreko tximiniaren inguruan, iragan industrialaren ikur bezela.

Betiko lez, ekitaldi guztiak doban izango dira, BBKren eta parte-hartzen daben udalen lankidetzeari esker. Jasangarritasuna, espazioaren errespetua eta komunidadearen konpromisoa izango dira zikloaren ardatz nagusi.

Dantzek, ekimenaren sustatzaileak, erreferente izaten jarraitzen dau estaduko eta nazinoarteko eszena elektronikoan, Lisboan, Amsterdamen, Atenasen edo Donostian egindako 90 ekitaldi baino gehiagogaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu