Euskal Pelotako Selekzinoak Euskadin egingo dan Nazinoen Ligan egingo dau debut ofiziala

Bizkaie! 2025-05-27 08:29   Kirola

Datorren bagilaren 1ean euskal peloteak mugarri historikoa biziko dau.





Txapelketea bagilaren 1tik 6ra eguingo da Gernikako Jai Alai Frontoian. Pasa dan abenduan Nazinoarteko Federazinoak Euskal Federazinoa kide ofizialtzat onartu ostean dator Euskal Selekzinoaren debuta.

Datorren bagilaren 1ean euskal peloteak mugarri historikoa biziko dau. Euskal Selekzinoa nazinoartean lehiatuko da, lehenengo aldiz, maila ofizialean, eta Euskadin lehen aldiz atonduko dan Nazinoen Ligan egingo dau, datorren bagilaren 1etik 6ra, Gernikako Jai Alai Frontoian.

Lehiaketearen aurkezpena Bilboko Bizkaia Frontoian egin dabe eta bertan izan dira parte erakunde sustatzaile nagusietako ordezkariak: Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua; Xavier Cazaubon, Nazinoarteko Euskal Pilota Federazioko presidentea; eta Joxe Mari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pelota Federazinoko presidentea.

Lehen lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, Euskadi mundura zabaltzeko tresna modura pelotako Euskal Selekziboaren garrantzia azpimarratu dau: Euskal Selekzinoa gure herriaren sinboloa eta erreferentea izango da nazinoarteko lehiaketetan. Gure ordezkariak izango dira munduan, gure identidadea eta nortasuna zabalduko dabe bazter guztietan. Euskadi munduko mapan kokatuko dau. Historikoa da biziten gagozan momentu hau eta ilusinoz eta harrotasunez biziko dogu.

Esangura horretan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, holako ekitaldi bat hartzeko Bizkaia baino leku hoberik ez dala adierazo dau: Bizkaian, pelotea, modalidade guztietan, gure nortasun kolektiboaren oinarrizko parte da. Gainera, nazinoartean gure koloreakaz lehiatu ahal izatea, gure etxean eta herri lez, benetako ohorea eta harro egoteko arrazoia da. Seguru gagoz Nazinoen Liga hau benetako oparia izango dala Bizkaiko publikoarentzat.

Xavier Cazaubonek, Nazinoarteko Euskal Pelota Federazinoko presidenteak, emozinoa adierazo dau: FIPV Euskadira bueltauko da, Gernikako frontoira, 34 urte aurrerago. Era berean, nazinoarteko ekitaldi hau atontzko euskal erakundeakaz eta euskal federazinoagaz batera egindako alkarlana nabarmentzen dodaz.

Joxe Mari Mitxelenak, Euskal Pelota Federazinoko presidenteak ondokoa nabarmendu dau: Nazinoen Ligea sinbolismoz beteta dago; gure espezialidaderik nazinoartekoenean izango da Euskal Selekzinoaren debuta: xisteraz. Era berean, Busturialdearen bihotzean kokatuta dagoan pelotaleku ederra izan zan modalidadeak gaur egun bizi dauen loraldiaren epizentroa eta Pelotako Euskal Selekzinoa be Gernikan sortu zan. Olatu eder eta sendo horretara igoteko prest gagoz.

Lehiaketearen zehaztasunak

Euskal Selekzinoak eta nazinoarteko beste bost taldek be hartuko dabe parte Euskadin egingo dan Nazinoen Liga honetan: Frantzia, Espainia, Filipinak, Estadu Batuak eta Mexiko. Punta-puntako taldeak dira horreek, gaur egun, kirol honetan. Bertako kirolarientzat eta Bizkaiko eta Euskadiko ikusleentzat pelotea gure erkidegoan errotuta dagoala erakusteko aukera parebaka da hau.

Lehiaketea nagilaren 1ean hasiko da, domekan, ligaxka partiduakaz. Bagilaren 5ean finalerdiak jokatuko dira eta, bagilaren 6an, final handia. Gizonezkoen ligaxkan multzo bitan banatu dira taldeak: A multzoan Espainia, Mexiko eta AEB; B multzoan, Frantzia, Euskadi eta Filipinak. Emakumezkoen ligaxkan multzo bakarra izango da, lau taldegaz: Euskadi, Filipinak, Frantzia eta Mexiko.

Lehiaketako tanteoa 15/15 eta bardinketea apurtzeko 10 tantura jokatuko da. Txapelketa bietan kanporaketa oso orekatuak espero dira eta ez dago garaipena lortzeko faborito argirik.

Euskal Selekzinoko emakumezkoen eta gizonezkoen debuta bagilaren 2an izango da, 21:15ean eta 22:15ean, hurranez hurran, Frantziaren kontra. Atontzaileek dei egin deutsee zale guztiei gure selekzinoa animetako, ikurrineagaz kanporaketetara joan daitezan.

EiTBk lehiaketa hau zuzenean eskainiko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu